Menu
Bilatu
  • 2024/04/25
  • 21:17:07
justizia.eus

Justiziako langileen % 45ek euren plazari edo Euskadiko administrazioko kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dute jada

Argitalpen-data: 

Justiziako langileen % 45ek euren plazari edo Euskadiko administrazioko kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dute jada

Justiziako langileen % 45ek euren plazari edo Euskadiko administrazioko kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dute jadaJustizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko 2011-2020 Planean Justizia Administrazioa euskalduntzeko eta bertan euskararen erabilera sustatzeko jasotako ildoei esker, Justiziako langileen erdia inguruk egiaztatu ahal izan du dagokion hizkuntza-eskakizuna aldi hori amaitzean.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Planaren emaitzei buruz egin duen analisiaren arabera, 2020 amaitzean Justiziaren arloan lanean ari ziren 2.366 pertsonetatik % 45,2k egiaztatu dute jada bere plazari edo kidego profesionalari dagokion hizkuntza-eskakizuna, eta hasierako aurreikuspenak 10 puntuan gainditu dira, beraz.

Ebaluazioan nabarmentzen da Justiziako funtzionarioek, orokorrean, euskara gehiago dakitela eta erabiltzen dutela, baina nabarmenagoa da Euskadiko Administraziora eskualdatutako kolektiboen artean (Laguntza Judizialeko Kidegoa, Izapide Prozesal eta Administratiboko Kidegoa, Kudeaketa Prozesaleko Kidegoa eta Auzitegiko Medikuntza). Hala ere, azken espezialitate horretan "Auzitegiko Medikuntzan" % 10ek baino ez du egiaztatu dagokion hizkuntza-eskakizuna, 3.HE.

Era berean, eskualdatu gabeko kolektiboetan (epaileak, fiskalak eta letraduak) euskara-maila oraindik ere baxua da. Zehazki, 601 profesionaletatik 108k baino ez dute egiaztatu hizkuntza-eskakizunen bat.

Ana Agirre Justiziako sailburuordeak balorazio positiboa egin die Hizkuntza Normalizatzeko Plan honen, lehenengoaren, emaitzei, "batez ere, kontuan hartuta Justizia Administrazioa gainerako funtzio publikoa baino beranduago sartu zela Eusko Jaurlaritzak sustatutako euskalduntze-politiketan".

Planaren xede den kolektiboaren idiosinkrasiak eta Estatuaren sistema judizialaren antolaketak eragindako zailtasunek ere moteldu dute Justizia Administrazioan elebitasuna ezartzea.

Hizkuntza-eskakizuna

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Normalizatzeko 2011-2020 Planaren analisiaren arabera, ia % 50ek dute egiaztatuta EAEko Justizia Administrazioko kidegoen erreferentziako bi hizkuntza-eskakizunetako bat (2.HE eta 3.HE), edo baita 4.HE ere. Eta, gainera, azken urteotan, jaitsi egin da hizkuntza-eskakizunik egiaztatu ez duten pertsonen ehunekoa ere: % 44 autonomia-erkidego osoan.

"Gero eta elebidunagoa den gizarte batean, Justizia Administrazioan elebitasunak aurrera egitea lagungarria da Administrazio horrek herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko", nabarmendu du Agirrek.

Lurraldez lurralde, Araban % 42 zegoen egoera horretan Planaren ebaluazioa amaitzean. Gipuzkoan % 60k baino gehiagok egiaztatu dute hiru hizkuntza-eskakizunetako bat, eta Bizkaian % 47k.

Ahozko eta idatzizko elebitasuna

Eredu eta agiri administratibo elebidunen erabilpena aldatzen joan da Planak aurrera egin ahala, eta Justizia Administrazioak sortutako agiri guztien % 35etik % 61era pasatu da.

Aurrerapen hori orokorra izan da jurisdikzio eta lurralde guztietan, nahiz eta proportzioak ezberdinak diren. "Igoera horren atzean Euskara Batzordeak agiriak estandarizatzeko egindako lana dago, urtean 200 baino gehiago", azpimarratu du Justiziako sailburuordeak.

Aplikazio informatikoen aurrerapenak ere izan du eragina agiri elebidunak sortzean, JustiziaBat Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioaren kudeaketa prozesal eta judizialaren aplikazioaren ezarpenarekin paraleloan.

Aitzitik, Justizia Administrazioko prozeduretan euskara ahoz erabiltzeari buruzko emaitzak eutsiagoak dira, nahiz eta azken urteotan gora egin duten euskaraz egindako adierazpenek eta gerraldiek. "Oraindik bide luzea dago egiteko herritarrek arreta eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko duten eskubidea bermatzeko" aitortu du Ana Agirrek.

Egoera hori arintzeko, eta Auzia Euskaraz proiektuaren esparruan, lantaldeak eta sareak eratu dira eragile juridiko guztiekin eta gainerako funtzionario judizialekin herritarrek gai jakin bat hasieratik bukaerara, hau da, demanda edo salaketa bat aurkezten dutenetik epaia eman arte, euskaraz izapidetu ahal izateko duten eskubidea bermatu ahal izateko.

Irekian argitaratutako prentsa-oharra irakurri ezazu: Justiziako langileen % 45ek euren plazari edo Euskadiko administrazioko kidegoari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dute jada (leiho berri batean irekitzen da)