Menu
Bilatu
  • 2022/08/18
  • 22:37:39
justizia.eus

Erregistro Zibila

Erregistro Zibila erregistro publikoa da, eta bertan inskribatzen dira pertsonen egoera zibilari buruzko egitateak. Ematen dituen ziurtagiri guztiak doakoak dira. Inskripzio edo ziurtagiri batek ere ez du inolako tasa edo eskubiderik.

Kontsultatu JustiziaEus-en zer hartu behar duzun kontuan Erregistro Zibilera joan aurretik.

Erregistro Zibilaren ziurgatiriak

  • Jaiotza-ziurtagiria: jaiotza-ziurtagiriak jaiotza, data, ordua, lekua, haurraren sexua eta seme-alabatasuna ziurtatzen ditu. Ziurtagiriak positiboak edo negatiboak izan daitezke.
  • Ezkontza-ziurtagiria: ezkontza-ziurtagiriak ezkontzaren data, ordua eta lekua ziurtatzen ditu. Ziurtagiriak positiboak edo negatiboak izan daitezke.
  • Heriotza-ziurtagiria: heriotza-ziurtagiriak pertsona bat hil dela egiaztatzen du. Ziurtagiriak positiboak edo negatiboak izan daitezke.

    Ziurtagiri horiek positiboak edo negatiboak izan daitezke:

    • Ziurtagiri positiboak bi motatakoak izan daitezke: laburpena, hau da, Erregistro Zibilean jasotako informazioaren laburpen bat; edo hitzez hitzekoa, alegia, hitzez hitzeko kopia bat, jaiotzaren inskripzioari, ezkontzari edo heriotzari buruzko datu guztiekin.
    • Ziurtagiri negatiboek pertsona bat, ezkontza bat edo heriotza bat Erregistro Zibil horretan inskribatuta ez dagoela egiaztatzeko balio dute. 
  • Bizi eta egoera-agiria: bizi- eta egoera-agiriaren ziurtagiriak pertsona bat bizirik dagoela ziurtatzen du eta pertsona horren egoera zibila zein den adierazten du.

Inskripzioak Erregistro Zibilean

  • Jaiotza-inskripzioa: Jaiotza-inskripzioa erregistro-idazpen bat da, eta honako hauen fede ematen du: jaiotza, jaiotza gertatu zen ordua eta tokia, identitatea, sexua eta, hala badagokio, gurasoak nortzuk diren. Jaiotzak ondore zibilak sortzen ditu hori gertatzen denetik, baina horiek erabat aitortzeko beharrezkoa da Erregistro Zibilean inskribatzea.
  • Ezkontza-inskripzioa: ezkontzaren inskripzioak egintza eman dela fede ematen du, data, ordua eta tokia adierazita. Ezkontzak, ezkontza egiten denetik, ondore zibilak sortzen ditu, baina horiek erabat aitortzeko beharrezkoa izango da Erregistro Zibilean inskribatzea.
  • Heriotza-inskripzioa: heriotza-inskripzioak pertsona baten heriotzaren, dataren, orduaren eta lekuaren fede ematen du. Heriotzak ondore zibilak sortzen ditu gertatzen denetik, baina horiek erabat aitortzeko beharrezkoa da Erregistro Zibilean inskribatzea.

Ezkontza zibila

Aurrez aurre izapidetu

Euskadiko Erregistro Zibiletan eta Bake Epaitegietan herritarrei telefono edo posta elektroniko bidez egingo zaie arreta. Izapide bat egiteko Erregistro Zibilera joan behar baduzu, nahitaez hitzordua eskatu behar duzu JustiziaEus-eko Aurretiko Hitzordu zerbitzuaren bitartez.

Zer behar duzu?

  • Erregistro Zibilean emango dizuten eskaera, beteta. Inprimakia JustiziaEusetik ere deskarga dezakezu
  • Ezkontideen hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria. Jaiotzak EAEn inskribatuta badaude, ziurtagiriak online eskatzeko JustiziaEus-en aplikazioaren bidez eska ditzakezu ziurtagiri horiek.
  • Bi ezkontideen azken bi urteetako errolda-ziurtagiria.
  • NAN edo pasaporte originala eta fotokopia.
  • Azken bi urteetan 25.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan erroldatuta egon bazarete, Erregistroak ediktuak edo ezkondeiak argitaratuko ditu ofizioz 15 egunez, ezkontzeko duzuen asmoa jakinarazteko eta alegazioak aurkezteko epea emateko.

Kontuz: jaiotza-ziurtagiriak zein errolda-agiriak gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izan behar dute. Erregistro Zibilean agiriak entregatu ondoren, ez dute iraungitze-datarik izango.

Ezkontzeko hitzordua ematen dizuetenean, adin nagusiko lekuko batekin edo birekin bertaratu beharko duzue.

Gainera, bi kasu hauetako batean bazaude, gainerako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzu:

Dibortziatuta bazaude edo zure aurreko ezkontzaren deuseztasuna lortu baduzu

Alarguna bazara

Adin txikikoa bazara

  • 16 urte baino gehiago badituzu, jaiotzaren hitzez hitzeko ziurtagiriaren orri-bazterrean emantzipazioaren inskripzioa agertu beharko da.
  • 14 eta 16 urte bitartean badituzu, lehenengo, lekapen judiziala lortu beharko duzu.

Atzerritarra bazara

  • Egoitza-frogagiri bat, azken bi urteetako edo herrialdean sartu zinenetik aurrerako errolda-ziurtagiria izan daitekeena.
  • Zure lege pertsonalaren araberako egoera zibilaren ziurtagiria. Zure herrialdeko kontsularen ezkontzeko gaitasunaren ziurtagiria aurkeztea nahikoa da.

Kontuz: atzerriko agiri guztiak (eleanitzak izan ezik) interprete ofizial batek gaztelaniara itzulita egon behar dute eta Hagako Oharrarekin legeztatuta egon beharko dute.

Ahalorde bidezko ezkontza bada

  • Zure lege pertsonalaren araberako egoera zibilaren ziurtagiria. Zure herrialdeko kontsularen ezkontzeko gaitasunaren ziurtagiria aurkeztea nahikoa da.
  • Zure herrialdeko legeen arabera ediktuak argitaratzea beharrezkoa den edo ez dioen ziurtagiria.
  • Notario-ahalordea, behar bezala legeztatutakoa, Espainiako pertsona bati ezkontzeko espedientea eskatzeko, jakinarazpenak jasotzeko eta ezkontza adosteko baimena ematen diona.
  • Atzerrian dagoen pertsonaren bizilekutik gertuen dagoen kontsulatuaren edo enbaxadaren helbidea.

Kontuz: atzerriko agiri guztiak (eleanitzak izan ezik) interprete ofizial batek gaztelaniara itzulita egon behar dute eta Hagako Oharrarekin legeztatuta egon beharko dute.

Zu edo zure emaztegaia edo senargaia hiltzeko arriskuan bazaudete

  • Ezkontzeko, ez da beharrezkoa espedientea abiaraztea.

Nork egin dezake

Zibiletik ezkontzeko bi gauza ezberdin egin behar dituzu:

  1. Dokumentazioa entregatu.
  2. Ezkontza-espedientea hasi.

Erregistro Zibil guztiek ez dute modu berean lan egiten:

  • Erregistro Zibil batzuetan hitzordu bakarra ematen dute dokumentazioa entregatzeko eta espedientea hasteko. Horregatik, hitzordu bakara horretara bi ezkongaiek eta lekuko batek edo bik joan behar duzue.
  • Beste Erregistro Zibil batzuek lehenengo dokumentazioa entregatzeko hitzordu bat eta ondoren espedientea hasteko bigarren hitzordu bat ematen dute. Hitzordua dokumentazioa entregatzeko baino ez bada, ezkongaietako batek edo senide batek eraman dezake. Bigarren hitzordura, aldiz, ezkongai biek joan behar duzue lekuko batek edo bik lagunduta.

GOGORATU: beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko, kontsultatu ezazu aurretiaz nola jokatu behar duzun ezkontza tramitatzera zoazen Erregistro Zibilean.

Noiz eta non eskatu

Agiriak aurkeztu ondoren, ezkontzeko hitzordua emango dizuete.

Ezkontza-espedientea egoitza edo ohiko bizilekuagatik dagokizun Erregistro Zibilean ireki behar duzu.Ezkontideak herri ezberdinetan erroldatuta bazaudete, bien artetik nahiago duzuena a Horren ostean, beste herri batean ezkon zaitezkete.

Erregistro Zibiletako bulegoetan izaten dira ezkontzak, betiere, ezaugarri horietako egintza bat hartzeko gutxieneko baldintzak betetzen badituzte.

Gainera, Erregistro Zibilaz arduratzen den Epailea bizi ez den udalerrietan, Udalak horretarako prestatutako beste lokal batzuetan ere egin daitezke ezkontzak.

Informazio gehiago

Nola erantzuten dizugu

Agiriak aurkeztu eta espedientea abiarazi ondoren, ezkontza zibilaren zeremoniarako hitzordua emango dizuete eta ezkontideek, lekukoek eta agintari eskudunak hartuko duzue parte. Epailea, alkatea edo funtzionarioa izan daitezke agintari eskudun.

Ekitaldian, Kode Zibileko 66., 67. eta 68. artikuluak irakurriko dizkizuete eta ezkondu nahi ote duzuen galdetuko dizuete. Baiezkoa erantzuten duzuenean, ezkondutzat joko zaituztete eta bai zuek, bai lekukoek eta baita ekitaldia gidatu duen agintariak ere dagokion akta sinatuko duzue.

Ahalorde bidezko ezkontzetan, espedientea abiarazi ondoren, exhortoa ezkontide atzerritarrak gertuen duen Espainiako kontsulatura bidaliko da, ezkontidea bertaratu dadin eta adostasuna eman dezan.

Ezkontza-inskripzioan, zeremoniaren ordua, data eta tokia, ezkontideen nortasun-datuak eta zeremonia gidatzeko baimendutako pertsonaren datuak jasoko dira.

Ahalorde bidezko ezkontzen inskripzioan, ahalorde-emailea nor den, ahaldunaren izen-abizenak, zeremonia zer hizkuntzatan izan den eta zein ezkontiderentzat itzuliko den zehaztuko da.

Interprete bidezko ezkontzen inskripzioetan, interpretea nor den, zeremonia zer hizkuntzatan izan den eta zein ezkontiderentzat itzuliko den zehaztuko da.

Agiri eleanitzak

Espainian baliozkotasuna izateko, herrialde hauek emandako agiriek ez dute legeztatzerik edo oharra jartzerik beharko: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Frantzia, Grezia, Italia, Luxenburgo, Herbehereak, Portugal, Suitza, Turkia, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Bosnia-Herzegovina, Serbia eta Montenegro eta Polonia (1976ko irailaren 8ko Erregistro Zibileko akten ziurtagiri eleanitzak egiteari buruzko Hitzarmenaren arabera).

Izatezko bikoteak

JustiziaEusen kontsulta ditzakezu ezkontza zibilarekiko desberdintasunak.

Ohiko galderak

Ezkontza zibilaren eskaerari buruzko ohiko zalantzak jaso ditugu Ohiko galderak atalean.

Familia-liburua

Aurrez aurre izapidetu

Euskadiko Erregistro Zibiletan eta Bake Epaitegietan herritarrei telefono edo posta elektroniko bidez egingo zaie arreta. Izapide bat egiteko Erregistro Zibilera joan behar baduzu, nahitaez hitzordua eskatu behar duzu JustiziaEus-eko Aurretiko Hitzordu zerbitzuaren bitartez.

Bi pertsona ezkontzen direnean edo, ezkonduta egon gabe, bi pertsonak euren semea edo alaba inskribatzen dutenean Erregistro Zibilean doan ematen den dokumentua da Familia liburua.

Zer behar duzu?

Izapide honetarako ez da beharrezkoa inprimakirik eramatea. Ezkontzerakoan emango dizute, edo, ezkondu ez bazara, seme edo alaba bat inskribatzeko unean.

Zure ezkontza erlijiosoa izan bada, Erregistro Zibilean inskribatzeko eskatu behar duzu; horrela, dagokizuen familia-liburua emango dizute. Erregistro Zibileko aurretiko hitzorduaren atalean, aldez aurretik beteta eraman dezakezun inprimakia (familia-liburua - Ezkontzaz kanpokoa) jaitsi dezakezu. Elizaren ziurtagiria ere eraman beharko duzu.

Nork egin dezake

Ezkontzen diren edo ezkontza inskribatu behar duten norbakoek, edo gurasoek, semea edo alaba inskribatzera doazenean.

Noiz eta non eskatu

Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian ezkontzen bazara, ezkontzean emango dizute.

Bestela, ezkontza inskribatu den Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian emango dizute, inskripzioa egin ondoren.

Zure semea edo alaba inskribatzen duzun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian, inskribatzeko unean.

Informazio gehiago

Galtzen baduzu edo hondatzen bazaizu

Bikoiztua eska dezakezu Erregistro Zibilean. Bikoiztua ezkontide edo gurasoetako batek soilik eska dezake, baina behar bezala identifikatutako edozein pertsonak jaso dezake.

Banandu edo dibortziatuz gero

Alderdietako batek har dezake eta besteak bikoiztua eskatu. Bi liburuak indarrean egongo dira eta ondoreak izango dituzte.

Beste bikotekide batekin beste seme/alaba bat izaten baduzu

Beste Familia liburu bat behar duzu.

Izatezko bikotea bazara

Semea edo alaba dagokion Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian inskribatutakoan lortuko duzu Familia liburua.

Ohiko galderak

Familia liburuari buruzko ohiko zalantzak jaso ditugu Ohiko galderak atalean.

Izena aldatzea

Aurrez aurre izapidetu

Euskadiko Erregistro Zibiletan eta Bake Epaitegietan herritarrei telefono edo posta elektroniko bidez egingo zaie arreta. Izapide bat egiteko Erregistro Zibilera joan behar baduzu, nahitaez hitzordua eskatu behar duzu JustiziaEus-eko Aurretiko Hitzordu zerbitzuaren bitartez.

Zein kasutan erabil dezakezu

  • Zure gaztelaniazko izena Estatuko beste edozein hizkuntza ofizialetara itzuli nahi baduzu (katalana, euskara, galiziera eta abar).
  • Zure izenaren ordez, erabil ohi duzuna jarri nahi baduzu.
  • Zure izena iraingarria bada edo pertsonaren duintasunaren aurkako kontzeptu bat adierazten badu.
  • Zure jaiotza-ziurtagirian sexuaren aipamena zuzentzeko eskatzen duzunean. Sexuaren aipamena zuzentzeak norbanakoaren izen-aldaketa dakar, erregistratutako sexuarekin bat etor dadin (3/2007 Legea, martxoaren 15ekoa, Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea arautzen duena (leiho berri batean irekitzen da)).

Zer behar duzu?

NANaren fotokopia

Adingabea bazara, zure gurasoen NANaren fotokopia ere behar duzu. Ezkonduta bazaude, zure ezkontideak ere bertaratu behar du, bere NANarekin.

Hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria

Jaiotza-ziurtagiria JustiziaEus atarian eska dezakezu.

Errolda-ziurtagiria

Adingabea bazara, zure gurasoen errolda-ziurtagiria ere behar duzu.

Dokumentazio osagarria

Zure izena euskaratzeko ondorengoa behar duzu:

Zure izenaren ordez, erabil ohi duzuna jarri nahi baduzu, hau behar duzu:

  • Erabili ohi duzun izenak zenbait oinarrizko eskakizun betetzen dituela ziurtatzea.
  • Erregistro Zibileko edo Bake Epaitegiko arduradunari zuzendutako dokumentu bat idaztea, izena aldatzeko eskatuz. Oro har, idatzi hori leihatilan idatzi ohi da, Erregistro Zibileko edo Bake Epaitegiko langileen laguntzarekin.
  • Inskribatu nahi duzun izena erabili ohi duzula eta izen horrekin ezagutzen zaituztela ziurtatzen duten zenbait dokumentu. Besteak beste, dokumentu hauek aurkez ditzakezu: fakturak, liburutegiko txartela, polikiroldegiko txartela, posta elektroniko helbidea, lagunen arteko posta-trukea...
  • Adin nagusiko bi lekuko, bakoitza norbere NANarekin (kontutan hartu behar da, zenbait Erregistro Zibil edo Bake Epaitegitan ez dituztela senideak lekukotzat onartzen. Senide bat lekuko gisa aurkeztu nahi baduzu, izena aldatzeko espedientea hasiko duzun Erregistro Zibilarekin edo Bake Epaitegiarekin aurretiaz hitz egitea gomendatzen dizugu).

Izena bidezko arrazoiengatik aldatzeko (iraingarria delako, adibidez), hau behar duzu:

  • Hautatu duzun izenak zenbait oinarrizko eskakizun betetzen dituela ziurtatzea.
  • Justizia Ministeriora zuzendutako dokumentu bat idaztea, izena aldatzeko arrazoiak azalduz.
  • Adin nagusiko bi lekuko, bakoitza norbere NANarekin (kontutan hartu behar da, zenbait Erregistro Zibil edo Bake Epaitegitan ez dituztela senideak lekukotzat onartzen. Senide bat lekuko gisa aurkeztu nahi baduzu, izena aldatzeko espedientea hasiko duzun Erregistro Zibilarekin edo Bake Epaitegiarekin aurretiaz hitz egitea gomendatzen dizugu).

Nork egin dezake

Bost urte baino gehiago dituen edozein pertsonak.

Adingabea bazara, Erregistro Zibilera edo Bake Epaitegira zure gurasoekin joan beharko duzu.

Non eskatu

Bizilekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian. Zenbait kasutan izapidea amaitzeko zure barruti judizialeko Erregistro Zibilera joan beharko duzu.

Informazio gehiago

Nola erantzuten dizugu

Zure eskaera bideragarria bada, berretsi egingo dugu, eta ahal bezain azkar jakinaraziko dizugu. Hala ere, Erregistro Zibil edo Bake Epaitegi bakoitzak epe ezberdinak dauzka izapide hori egiteko.

Jakinarazpena jaso ondoren, 180 eguneko epea izango duzu aldaketa eskatu eta onartzeko.

Izena aldatzeko izapidea zure jaiotza-ziurtagiria izen berriarekin jasotzen duzunean bukatzen da.

Izena aldatzeko eskaera bideragarria ez dela jakinarazten badizute, beste eskaera bat aurkez dezakezu, zuzenean Justizia Ministerioan. Izapide hori ere bizilekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egin behar duzu.

Akats posibleak zuzentzea

Izen berria duen jaiotza-ziurtagiria ematen dizutenean, akatsen bat ikusiz gero, ofiziozko zuzenketa egin diezazukete eta, gutxi gorabehera 24 orduko epean, jaiotza-ziurtagiria jaso dezakezu, zuzenketa orri-bazterrean duela.

Izena hautatzeko mugak

zena aukeratzeko mugak daude. Kontsultatu informazio guztia izen-abizenen atalean.

Ohiko galderak

Izena aldatzeari buruzko ohiko zalantzak jaso ditugu Ohiko galderak atalean.

Abizenak aldatzea

Abizenak aldatzea

Euskadiko Erregistro Zibiletan eta Bake Epaitegietan herritarrei telefono edo posta elektroniko bidez egingo zaie arreta. Izapide bat egiteko Erregistro Zibilera joan behar baduzu, nahitaez hitzordua eskatu behar duzu JustiziaEus-eko Aurretiko Hitzordu zerbitzuaren bitartez.

Zein kasutan erabil dezakezu

  • Zure seme-alabatasuna aldatzen baduzu (adibidez, adoptatua izatean).
  • Zure abizenen hurrenkera aldatu nahi baduzu.
  • Zure abizenen grafia euskarara egokitu nahi baduzu.
  • Abizenaren aurretik "de" partikula jarri nahi baduzu, izenetik bereizteko eta izen konposatua dela eman ez dezan.
  • Zure seme-alaben abizenak aldatu behar badituzu, zureak aldatu dituzulako. Zure semea edo alaba adin nagusikoa bada, abizenak aldatzeko baimena espresuki eman beharko du.
  • Zure abizena aldatu eta erabili ohi duzuna jarri nahi baduzu; betiere abizena zure gurasoetako batena bada eta bi familia-lerroei eusten badiezu, hau da, bi gurasoen abizenak izaten jarraitzen baduzu.

Zer behar duzu?

NANaren fotokopia

  • Adingabea bazara, gurasoekin etorri beharko duzu, eta haiek NANa ekarri beharko dute
  • Seme-alabak adingabeak izanez gero, zure ezkontideak ere bertaratu behar du, bere NANarekin, ados dagoela azaltzeko

Hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria

Ziurtagiria JustiziaEus atariko ziurtagiria eskatu aplikazioaren bitartez online eska dezakezu.

Errolda ziurtagiria

Adingabea bazara, zure gurasoena ere ekarri beharko duzu.

Familia-liburua

Adingabea edo ezkongabea bazara zure gurasoena ere ekarri beharko duzu.

Bestelako dokumentazioa

Zure abizenaren ordez, erabil ohi duzuna jarri nahi baduzu, honakoa behar duzu:

  • Justizia Ministeriora zuzendutako dokumentu bat idatzi, abizena aldatzeko arrazoiak azalduz.
  • Zure gurasoen hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria. Jaiotza ziurtagiria JustiziaEus atariko ziurtagiria eskatu aplikazioaren bitartez online eska dezakezu.
  • Inskribatu nahi duzun abizena erabili ohi duzula eta abizen horrekin ezagutzen zaituztela ziurtatzen duten zenbait dokumentu. Besteak beste, dokumentu hauek aurkez ditzakezu: fakturak, liburutegiko txartela, polikiroldegiko txartela, posta elektroniko helbidea, lagunen arteko posta-trukea...
  • Adin nagusiko bi lekuko, bakoitza norbere NANarekin (kontutan hartu behar da, zenbait Erregistro Zibil edo Bake Epaitegitan ez dituztela senideak lekukotzat onartzen. Senide bat lekuko gisa aurkeztu nahi baduzu, espedientea hasiko duzun Erregistro Zibilarekin edo Bake Epaitegiarekin aurretiaz hitz egitea gomendatzen dizugu).
  • Ezkonduta bazaude, familia liburuaren fotokopia ere aurkeztu beharko duzu, eta zure ezkontideak ere bertaratu beharko du, bere NANarekin, ados dagoela azaltzeko.

Nork egin dezake

Adinez nagusia den edonork.

2000ko otsailaren ondoren jaiotakoek ezin dute abizenen hurrenkera aldatu adinez nagusiak izan arte. Izan ere, data horretan ezarri zen rregistro Zibiletan eta Bake Epaitegietan jaiotza-inskripzioa egiterakoan abizenen hurrenkera hautatzeko aukera.

Non eskatu

Bizilekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian.

Informazio gehiago

Nola erantzuten dizugu

Zure eskaera bideragarria bada, berretsi egingo dugu, eta ahal bezain azkar jakinaraziko dizugu. Hala ere, Erregistro Zibil edo Bake Epaitegi bakoitzak epe ezberdinak dauzka izapide hori egiteko.

Jakinarazpena jaso ondoren, 180 eguneko epea izango duzu aldaketa eskatu eta onartzeko.

Abizena aldatzeko izapidea abizenak aldatuta dituen jaiotza-ziurtagiria jasotzen duzunean bukatzen da.

Abizena aldatzeko eskaera bideragarria ez dela jakinarazten badizute, beste eskaera bat aurkez dezakezu, zuzenean Justizia Ministerioan. Izapide hori ere bizilekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egin behar duzu.

Akats posibleak zuzentzea

Abizenak aldatuta dituen jaiotza-ziurtagiria jasotzen duzunean, akatsen bat ikusiz gero, ofiziozko zuzenketa egin diezazukete eta, gutxi gorabehera 24 orduko epean, jaiotza-ziurtagiria jaso dezakezu, zuzenketa orri-bazterrean duela.

Informazio osagarria

Abizenen hurrenkera behin bakarrik alda daiteke.

Abizenak aldatuz gero, zure dokumentu guztiak aldaketa horretara egokitu beharko dituzu (karnetak, titulu akademikoak eta abar).

Kontsulta ezazu euskal abizenen grafia Euskaltzaindiaren webgunean (leiho berri batean irekitzen da).

Ohiko galderak

Abizenak aldatzeari buruzko ohiko zalantzak jaso ditugu Ohiko galderak atalean.

Beste nazionalitate espediente batzuk

  • Egoera edukitza: Erregistro Zibilean inskribatutako titulu batean oinarrituta, fede onez eta urtetan zehar, Espainiako nazionalitatea balute bezala jokatzen duten pertsonek eskuratu dezaketen nazionalitatea da. Urte horietan pertsona horiek ez dute benetako egoeraren berri izan, hau da, benetan espainiarrak zirela uste izan dute.
  • Herritartze agiria: gobernuak du, errege dekretu bidez, herritartze agiria emateko ahalmena, agiria eskatu duen pertsonak ezohiko baldintza berezi batzuk betetzen dituenean.
  • Jatorrizko Espainiako nazionalitatea: jaiotzetik ematen zaio pertsona bati, bere gurasoek duten nazionalitatearen arabera edo pertsonaren jaiotza-lekuaren, eta jaiotzaren edo adopzioaren baldintzen arabera.
  • Aukera: egoera jakin batzuetan dauden pertsona atzerritarrei Espainiako nazionalitatea hautatzeko ematen zaien aukera da, esaterako, atzerritar hori espainiar baten guraso ahalaren mende egon bada, edo adin nagusikoa izanik espainiar batek adoptatu badu.
  • Memoria Historikoaren legea: 52/2007 Legearen 18. Artikuluak, (Memoria Historikoaren Legea) (leiho berri batean irekitzen da), aurreko nazionalitateari uko egin gabe brigadistek berriz ere espainiako nazionalitatea eskatzeko aukera ezartzen du.

Izatezko bikoteak

Aurrez aurre izapidetu

Euskadiko Erregistro Zibiletan eta Bake Epaitegietan herritarrei telefono edo posta elektroniko bidez egingo zaie arreta. Izapide bat egiteko Erregistro Zibilera joan behar baduzu, nahitaez hitzordua eskatu behar duzu JustiziaEus-eko Aurretiko Hitzordu zerbitzuaren bitartez.

Izatezko bikotea eratzea unitate afektibo-sexual egonkor bat formalizatzeko modua da, ezkontza-kontratu bat formalizatu nahi ez duten bikoteentzat.

Euskadin izatezko bikoteak arautzen dituzte Izatezko Bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak (leiho berri batean irekitzen da) eta maiatzaren 16ko 155/2017 Dekretu bidez onartutako Izatezko Bikoteen Erregistroaren Araudiak (leiho berri batean irekitzen da).

Zer behar duzu?

Izen-ematea aurrez aurre egiteko bi aukera dituzu:

  1. Online inprimakia (leiho berri batean irekitzen da) bete eta beharrezko dokumentuak formatu digitalean erantsi. Ondoren, inprimakia paperean inprimatu, eskuz sinatu eta adierazitako aurkezpen-lekuetan aurkeztu behar duzu.
  2. Online inprimakia (leiho berri batean irekitzen da) bete gabe inprimatu. Inprimatu ondoren, eskuz bete eta sinatu behar duzu. Ondoren, adierazitako aurkezpen-lekuetan aurkeztu behar duzu.

Online inprimakia betetzea eta dokumentazioa formatu digitalean eranstea erabaki baduzu (lehen aukera), hurrengoa kontuan hartu ezazu:

  • Administrazioak hilabeteko epean gordeko ditu inprimakia eta erantsitako dokumentuak.
  • Epe horretan sinatutako inprimakia adierazitako lekuetan aurkeztu beharko duzu.

Ondoren, tramitazioarekin jarraitu eta espedientearen jarraipena egin dezakezu Nire karpeta (leiho berri batean irekitzen da) eremutik.

Inskripzioa internet bidez egiteko:

Izatezko bikotearen inskripzioa elektronikoki izapidetzeko, ziurtagiri digital bat behar duzu. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako ziurtagiri digitalak kontsultatu ditzakezu.
Ondoren, zerbitzu elektronikoan sartu eta jarraian adierazten diren 4 pausoak jarraitu:

  1. Eskabidearen inprimakia bete.
  2. Aurretik prestatu dituzun dokumentuak erantsi.
  3. Eskabidea sinatu.
  4. Eskaera eta dokumentuak bidali.

Jarraian, bidalketa eginda dagoela adierazten duen pantaila bat ikusiko duzu (hartu-agiria).

Ondoren, tramitazioarekin jarraitu eta espedientearen jarraipena egin ahal izango duzu Nire karpetaren (leiho berri batean irekitzen da) bidez.

Eskabidea egiteko behar dituzun dokumentuak egiazta ditzakezu Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saileko Familia Politika eta Aniztasuna arloko betekizun eta agirien atalean.
Izapidetzea aurrez aurre zein online egiteko, hurrengo dokumentuak behar dituzu:

  1. Eskatzaileak nor diren egiaztatzen duten agiriak, bitarteko hauetakoren bat erabilita:
    • Espainiako nazionalitatea dutenek: NAN edo pasaportea.
    • Europar Batasuneko beste estatu kide bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioaren parte den estatu bateko herritarrak: pasaportea edo haien herrialdeko nortasun-agiri baliokidea, titularraren nazionalitatea jasotzen dueña.
    • Gainerako herrialdeetako nazionalitatea dutenak: atzerritarraren nortasun-txartela (identifikaziorako, atzerritarraren nortasun-zenbakia (AIZ) edo pasaportea.

    Nolanahi ere, ez da aurkeztu beharko eskatzailearen NANa edo, hala badagokio, atzerritarraren nortasun-txartela, baldin eta eskabidean baimena ematen bazaio eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoari nortasun-datu horiek Barne Ministerioan egiaztatzeko.

  2. Bikotea osatzen duen pertsona bakoitzaren egoera zibilaren egiaztagiria. Agiriak baliozkoak izango dira, baldin eta inskripzio-eskaera aurkeztu baino hilabete lehenago eman badira, espainiar nazionalitatea dutenen kasuan, eta hiru hilabete lehenago, atzerritarren kasuan.
  3. Euskal auzotasun zibila egiaztatzea, izatezko bikotea osatzen duten kideetako batek, gutxienez, eskabidea aurkezten duen unean. Kontsultatu 155/2017 Dekretuaren 13.1.c) artikuluko kasuak.

  4. Bikotea osatzen duen pertsonetako bat edo biak adingabeak badira, emantzipazioa egiaztatzen duen Erregistro Zibilaren ziurtagiria.

Nork egin dezake

Bikotea osatzen duten bi pertsonek, edo, hala badagokio, haietako batek, hurrengo baldintzak betetzen dituzten bikoteak:

  • Biak adinez nagusiak edo adingabe emantzipatuak izan behar dira.
  • Biak gaitasun osoa izan behar dute.
  • Bikotekideak ezin dira lerro zuzeneko odolkidetasunezko edo adopziozko ahaideak izan.
  • Bikotekideak ezin dira bigarren mailako alboko odolkidetasunezko ahaideak izan. (anai-arrebak).
  • Bietako bat ere ezin da ez beste batekin ezkonduta egon ez beste baten izatezko bikotekidea izan.
  • Bikotekideetako batek, gutxienez, euskal auzotasun zibila izan behar du.

Nolanahi ere, izatezko bikote gisa inskribatzeko eskaera bikoteko bi kideek batera egin beharko dute.

Non eskatu

Eskabidea aurrez aurre aurkezteko, Zuzenean-Herritarrentzako Arreta Bulegora (leiho berri batean irekitzen da) jo behar duzu, hiru euskal lurraldeetako hiriburuetara.

Gaur egun hitzordua eskatu behar da eskabideak herritarren arretarako bulegoetan aurkezteko. Ordutegiak kontsultatu eta aurrez hitzordua eska dezakezu Zuzenean zerbitzuko hitzordu-zerbitzuan (leiho berri batean irekitzen da).

Helbideak:
Bizkaia: Bilbao, Gran Vía D. Diego López de Haro, 85
Gipuzkoa: Donostia, Andia kalea, 13
Álava/Araba: Vitoria-Gasteiz, Ramiro de Maeztu kalea, 10

EAEko erregistro osagarrietara ere jo dezakezu. Lekuak 72/2008 Dekretuaren I. eranskinean (leiho berri batean irekitzen da)kontsulta ditzakezu.

39/2015 Legearen 16.4 artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) aurreikusitako edozein modutan ere aurkez daiteke.

GOGORATU: izatezko bikotea eratu baino lehen, bikotekideak aurrez aurre agertu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren arduradunaren aurrean, eskabidea kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena duen administrazio-unitatean.

Agerraldi horretan, pertsona biek hurrengo betebeharrak izango dituzte:

  • Nortasun agiria edo indarreko agiri baliokidea egiaztatu.
  • Inskribatzeko borondatea adierazi.
  • Izatezko bikotea eratzeko eskatzen diren baldintzak bete.
  • Izatezko bikotea eratu izanaren adierazpena inskribatzeak dakartzan ondorioak ezagutzen dituztela adierazi.

Gaixotasun larriak dituzten edo espetxean dauden pertsonek ez dute aurrez aurre agertu behar. Kontsultatu xehetasunak 155/2017 Dekretuaren 14. artikuluan (leiho berri batean irekitzen da).

Informazio gehiago

Nola erantzuten dizugu

Eskabidea aurkeztu ondoren, eskaera aurkeztu izanaren egiaztagiria jasoko duzu. Gehienez ere hiru hilabeteko epea igaro eta ez badizute ezer berariaz jakinarazi, eskaera baietsitzat joko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren arduradunak kalifikatu egingo ditu aurkeztutako eskabideak, eta onartu edo ukatu egingo du eskaera. Baietsi ondoren, izatezko bikotea eratu izanaren adierazpena inskribatuko du.

Izapidetu bitartean

Eskaera edo dokumentazioa ez bada zuzena, edo agiriren bat falta bazaizu, hamar egun baliodun dituzu akatsa zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Epe horretan zuzentzen ez baduzu, eskaeran atzera egin duzula ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

Errekurtsoak aurkeztea

Ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio izatezko bikoteen arloan eskumena duen zuzendariari, hierarkian goragoko mailan dagoen organoari.

Ziurtagiria iraungitzea

Izatezko bikotearen inskripzioari edo Erregistroan jasotako beste edozein alderdiri buruzko ziurtagiriak eska daitezke. Eskaera egin dezakete: bikotekide biek batera, bikotekide batek bere aldetik edo bikotekidea ez den beste edozeinek, interes legitimoa eta zuzena egiaztatzen badu.

Ziurtagiriek hiru hilabeteko epean balio dute, ziurtapenaren datatik zenbatzen hasita.

Izapidearen kostua

Doako izapidea.

Izatezko bikotea eratzeko adierazpena ezeztatzea

Izatezko bikotea eratzeko adierazpena ezeztatzeko eskaera bikotea osatzen duten bi pertsonek batera aurkeztu ahal izango dute, edo haietako batek bakarrik, 155/2017 Dekretuaren 3. atalean (leiho berri batean irekitzen da) aurreikusitakoaren arabera.

Ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna

Inskripzioa egiterakoan bikotearen araubide ekonomikoa arautzeko itun bat txertatzea eska daiteke. Bikoteko bi kideek batera aurkeztu beharko dute bai ituna txertatzeko eskaera, bai gerora aldatzeko eskaera, 155/2017 Dekretuaren 4. atalean (leiho berri batean irekitzen da) ezarritakoaren arabera.

Ohiko galderak

Izatezko bikoteen inskripzioari buruzko ohiko zalantzak jaso ditugu Ohiko galderak atalean.