Menu
Bilatu
  • 2024/04/18
  • 06:03:02
justizia.eus

Beatriz Artolazabal: "Espetxe-eskumenak geureganatu izanak kriminologia-ikerketan elkarlanean jarduteko modu berrietarako bidea zabaltzen du"

Argitalpen-data: 

Beatriz Artolazabal: "Espetxe-eskumenak geureganatu izanak kriminologia-ikerketan elkarlanean jarduteko modu berrietarako bidea zabaltzen du"

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuaren iritziz, “espetxe-eskumenak geureganatu izanak kriminologia-ikerketan elkarlanean jarduteko modu berrietarako bidea zabaltzen du”. Horretarako, beste aurrekontu-partida bat bideratu du espetxe-eremuan KREI Kriminologiaren Euskal Institutuan aplikatutako ikerketarako. 

“EAEko espetxe-ereduaren oinarriak finkatzea ez da egun bateko lana; lan handia egin behar da, eta etekinak jasotzeko hazia ereiten dugunon pazientzia eta konstantzia behar dira”, Artolazabal esan du, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC-KREI) 2022/2023 ikasturtea irekitzeko ekitaldian.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuak, gaur arratsaldean, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuaren 2022/2023 ikasturtearen irekiera-ekitaldian parte hartu du; ekitaldiko buru José Luis de la Cuesta izan da, José Antonio Rodríguez Ranz, Noemí Ostolaza. Andrés Zearreta, Izaskun Urien eta Eugenio Artetxerekin batera.

Topaketan, “Francisco Javier Gómez Elosegi III. saria” jaso du Bidesari elkarteak, eta Isabel Germán IVAC-KREIko idazkari akademikoak joan den ikasturteko memoria aurkeztu du. Reyes Goenaga Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratu presidentea IVAC-KREIko ohorezko kide izendatu dute eta, gainera, hasierako hitzaldia eman du:  “Víctimas y sistemas de justicia penal: expectativas y realidad”. Iñaki Subijana Euskal Herriko Justizia Nagusiko Auzitegiko presidenteak aurkeztu du.

Mikele Lapeira Euskal Herriko Unibertsitatean Kriminologian graduatuak “Jean Pinatel XVI. Saria” jaso du, ex aequo, “Biziarteko Espetxe-Zigor Berrikusgarria: Zigorgarritasunaren gorakada Azken hamarkadetan” izeneko lanagatik. Beste sariduna Omar Abdedaim Herrera da (Lleidako Unibertsitateko Justizia Sistema Penalaren Masterra) “La invisibilidad de las mujeres gitanas víctimas de la violencia de género” izeneko lanagatik.

Beatriz Artolazabalek honako hau esan du Pinatel´en ibilbidearen inguruan: “ezinbesteko erreferentzia da gure Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako taldearentzat: kriminologiaren lizentziaturako eta graduko tituluak sortu dira; ikertzaileen komunitate oso aktiboa dago; KREI unibertsitate- eta ikerketa-zentro prestigiotsu gisa finkatu da, eta, nazioartean, haren prestakuntza- eta ikerketa-jardueraren bikaintasuna aintzatesten dute. Une hauetan, EAEko kriminologiako elkargo ofiziala sortzea aztertzen ari da".

“Eusko Jaurlaritzak –esan du Artolazabalek, Donostiako campusean– konpromisoa du kriminologia-ikerketa sustatzeko, bai teorikoa bai praktikoa, kriminalitatea prebenitzeko eta kontrolatzeko politikak diseinatzeko eta haren inpaktuak ebaluzatzeko. Eusko Jaurlaritzan ditugun jardun-eremuek eta Institutuaren ikerketa-ildoek bat egiten dute espazio zabal batean, bai delinkuentziaren, marjinaltasunaren eta gizarte-harremanen arloan, bai biktimen justizian eta justizia errestauratiboan. Bai Biktimen eta Giza Eskubideen arloan bai Justiziaren arloan; biak elkarlaneko ibilbide luzekoak”.

Artolazabalek esan duenez, “orain, espetxe-politikaren eta zigor-betearazpenaren politikaren inguruan elkarlanean jarduteko lan hori areagotzeko aukera aparta dugu. Elkarlan horrek gero eta handiagoa izan behar du, kriminologiako eta biktimologiako errealitatea aztertzen lagundu behar du eta gizarteratzeko programen eraginkortasuna ebaluatzeko balio behar du. Elkarlan horri esker, Unibertsitateak zientzia-ezagutza aplikatu ahalko du herritarrongan eragina duten arazoak ebazteko, eta gure Sailari Unibertsitateak ikuspegi kritikoa dakarkio, egiten duguna ebaluatzeko eta gure erabakiak ebidentzietan oinarritzeko balio duena".

“Nire ibilbidean, osasun, gizarte-zerbitzu, giza eskubide, berdintasun edo justiziaren arloetako profesionalekin lan egiteko zortea izan dut. Gure lana gainerakoei zerbitzu emateko bokazioaz bizi dugu.  Bereziki, gizarte-egoera ahulenean bizi diren pertsonei. Konpromiso hori bera aurkitu dut, era berean, EAEko espetxeetako profesionaletan. Diseinatutako bideari jarraitzeko segurtasuna eta konfiantza ematen duten bokazioa eta konpromisoa, nahiz eta bidea luzea edo bihurria iruditu”, nabarmendu du Sailburuak.

Artolazabalek honako hau ere esan du: “Jean Pinatelen, Antonio Beristainen, Francisco Javier Gomez Elosegiren eta, orain, KREI eratzen dutenen gogo biziak animatu egiten ditu zigortutako pertsonak gizartera daitezen bide emateko lan egiten duten hirugarren sektore sozialeko boluntarioak, gure espetxe-kudeaketaren ereduak ezartzen duen elkarlan publiko-sozialaren barruan”.

Bidesari

Bidesari entitateari eman zaio, aurten, Francisco Javier Gómez Elósegui saria; 1994an sortu zen, askatasuna gabetuta duten pertsonak pertsonalki eta sozialki suspertzeko prozesuekin jarraitzeko. Taldea Gizarte Hezkuntzako, Psikologiako, Zuzenbideko eta Gizarte Laneko profesionalek eratzen dute, eta, gainera, boluntarioen elkarlan handia ere badago. Bidesarik Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Duesoko (Santoña, Kantabrian) espetxeetan lan egiten du. Bidesariren lanaren eskema espetxe barruan hasten da; pertsona bakoitzaren arazoak aztertu eta aldaketa-prozesua hasteko bide ematen duen esku-hartze psiko-hezitzailea garatzen da. Ondoren, Bidesarik, espetxearekin koordinatuta, kanpoaldean gizarte-inklusioko ibilbideak diseinatzen ditu, eta, horretarako, pertsonari ematen dio protagonismoa.

Bidesariren programetan, honako hauek nabarmentzen dira: harrera- eta integrazio-pisuak, harrera baimenetan; gizarte- eta hezkuntza-animazioa eta okupazionala; irteera programatuak; etorkinekin edo adikzio-arazoak dituztenekin esku hartzea, etab. Era berean, Bidesariren taldeek presoen eta espetxe-errealitatearen inguruan gizarte-kontzientzia berria sustatzen dute.

“Bidesarik ia 30 urte daramatza espetxeetako profesionalekin eta zigortutako pertsonekin batera lanean. Eta pertsonengan, haiek aldatzeko duten gaitasunean eta bigarren aukeretan sinestean oinarritzen den zerbitzuaren bokazioak eragiten duen gogo biziaz egin dute. Ibilbide eredugarri hori saritzen da, orain, ‘Francisco Javier Gómez Elósegui’ sariaren bidez. Zorionak hura eratzen duten pertsona guztiei, merezitako aintzatespen honengatik”, esan du Artolazabalek. Bide batez, zorionak eman dizkie Mikele Lapeirari, Omar Abdedaim Herrerari eta Reyes Goenagari.

Ekitaldia itxi aurretik, Idoia Otaegi UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko idazkariaren eskutik, diplomak banatu zaizkie 2021-2022 ikasturtean “Esperientzia Traumatikoetako Biktimekin Lan Egitea (online)” graduondoa gainditu duten ikasleei.

Irakurri prentsa-oharra Irekian (leiho berri batean irekitzen da)