Menu
Bilatu
  • 2024/04/20
  • 07:32:01
justizia.eus

Ba al zenekien zuretzat edo zure seme-alabarentzat aukeratu duzun izena ukatzen duen Erregistro Zibileko erabakia errekurritu dezakezula?

Argitalpen-data: 

Ba al zenekien zuretzat edo zure seme-alabarentzat aukeratu duzun izena ukatzen duen Erregistro Zibileko erabakia errekurritu dezakezula?

Azkenengo urteetan, duela gutxi arte pentsaezinak ziren zenbait izen onartuak ez ezik, oso hedatuak ere bihurtu dira eta beste hainbat tradizional baztertu dituzte. Haatik, aldaketa hauek gero eta azkarragoak direnez, ezinezkoa da Erregistro Zibilak guztiak ezagutzea.

Hori dela-eta, noizean behin gurasoen nahiak eta Erregistro Zibileko arduradunen kontrol lanak talka egiten dute eta azken hauek proposatutako izena ukatzen dute. Egoera horren aurrean, guraso askok izen berria aukeratzen dute, baina ez da daukaten aukera bakarra.

Auzi hori aztertzean, abiapuntutzat har daiteke, oro har, nork bere izena eta seme-alabena askatasunez aukera dezakeela. Alabaina, Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legeak (leiho berri batean irekitzen da) eta hori garatzen duten arauek hurrengo salbuespenak xedatzen dituzte:

  • Ezin dira bi izen bakun edo elkartu bat baino gehiago jarri, nahiz eta azken hauek bi hitz baino gehiago eduki dezaketen. Gainera, bi izen bakun jartzen badira, gidoiarekin lotuta joateaz gain, bien lehenengo hizkia letra larriz idatzi behar da.
  • Ez da onartzen pertsonaren duintasunaren aurkako izenik, ez esanahi propioagatik, ezta abizenarekin konbinatuta ere. Esate baterako, Dolores izena baliozkoa den arren, ez litzateke onartuko abizena Fuertes izango balitz.
  • Ezin da pertsonaren identitatea nahasten duen izenik ipini. Hala nola, abizen arruntak aukeratzea izentzat. Identifikazioa nahasgarria den ala ez aztertzean, ez da aintzat hartu behar izenak pertsonaren sexuarekin edo sexu-identitatearekin duen korrespondentzia.
  • Ez da baliozkoa abizen berdin-berdinak dituzten anaia-arrebek izen bera edukitzea, bat hilda ez badago. Era berean, ez dira onartzen oso antzekoak direnak, adibidez, “Anna” eta “Anne”.

Edozelan ere, arduradunek salbuespen guztiak modu murriztailean interpretatu behar dituzte.

Aurreko arauak kontuan izan arren aukeratutako izena ukatzen badute eta gurasoek beste bat aukeratu nahi ezean, errekurtsoa aurkez dezakete Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusian. Horretarako Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legeak (leiho berri batean irekitzen da) jasotzen duen edozein bide jarrai daiteke, baina guztietan epea hilabete batekoa da.

Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak 6 hilabete ditu ebazpena emateko, errekurtsoa jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.  Epea amaituz gero esanbidezko ebazpenik gabe errekurtsoa  ezetsitzat joko da eta auzitegian beste bat jartzeko aukera baino ez da geratuko; zehazki, errekurtsogilearen bizilekuari dagokion probintziako hiriburuko lehen auzialdiko jurisdikzio zibileko epaitegian.

Informazio gehiago nahi izatekotan, jo ezazu JustiziaEus atariko Izen- eta abizen-aldaketa atalera (leiho berri batean irekitzen da)