Menu
Bilatu
  • 2024/04/24
  • 18:17:58
justizia.eus

Eusko Jaurlaritza instrukzio bat prestatzen ari da espetxe-eremuan trans pertsonak baztertzen ez direla bermatzeko

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritza instrukzio bat prestatzen ari da espetxe-eremuan trans pertsonak baztertzen ez direla bermatzeko

· Dokumentua Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzarekin eta LGTBI+ elkarteekin kontrastatzeko fasean dago

· Barnekoak erabaki ahalko du espetxeratzeko unean edo espetxean dagoen bitartean identifikatuko duen generoa zein den, eta horretarako ez da diagnostikorik edo txosten medikorik behar

· “Homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da laster, eta Gobernu honek berretsi egiten du pertsona ororen eskubideak bermatzeko duen konpromisoa. Aniztasunak aberastu egiten du”, esan du Nerea Melgosak

Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritza, Nerea Melgosaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mendekoa, espetxe-eremuan trans pertsonen tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik eza aitortzeko, bermatzeko, babesteko eta sustatzeko instrukzio bat prestatzen ari da. Dokumentuak 2019ko Kataluniako instrukzioa du erreferente, eta, gaur egun, dokumentua Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzarekin eta EAEko LGTBI+ elkarteekin kontrastatzeko fasean dago.

Espainiako Gobernuak Trans Legea izenekoa onartu zuen joan den otsailean, eta, ondorioz, botere publikoek politikak eguneratu behar dituzte, ingurune guztietan trans eta LGTBI pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko.

Espetxe-eremuari dagokionez, legeriak ez du ezer berezirik jasotzen trans pertsonen tratamenduari dagokionez, baina badago Espetxeen Zuzendaritza Nagusiaren 2006ko Instrukzioa. Hartan, zenbait ekintza positibo jasotzen dira, besteak beste, “sentitzen dutenarekin bat ez datorren sexu-identitate ofizialik ez duten pertsonek moduluetara eta barneratze-baldintzetara jo ahalko dute, balorazio mediko eta psikologikoko txosten egokiekin, eta espetxe-ondorioetarako genero-identitate psikosoziala aitortzea".

EAEren kasu zehatzean, espetxeen kudeaketaren inguruko eskumenak Eusko Jaurlaritzari eskualdatu zizkiotenean, Genero Identitateagatik Ez Baztertzeari buruzko 2012ko EAEko Legea aplikatzen hasi zen.

Hala, bada, instrukzio berriak honako hau jasotzen du: “trans pertsonak hala kontsideratuko dira, genero-identitatearen autodeterminazio askerako eskubideari jarraikiz, eta ez dute diagnostiko edo txosten psikiatrikorik, psikologikorik edo tratamendu medikorik behar”. Eta, horretarako, aitorpen hori bermatzen dela ziurtatzeko mekanismoak, tresnak, neurriak eta urratsak ezartzen ditu. Nahikoa da pertsonak haren genero-identitatea aitor dezatela eskatzea, ebazpenean jasotzen diren ekintzak “zuhurki eta errespetuz” aplikatzeko.

Lehenik eta behin, “Barneratze Unitateko pertsonalak eskatuko dio eskaera egiten duen pertsonari zehazteko zer izenordain, izen eta generorekin nahi duten trata dezan, baldin eta dokumentazioan jasota ez badago”, dakar dokumentuak.

Talde teknikoak, 10 egun izango ditu behar diren txostenak egiteko.

Bestalde, trans pertsonek espetxeko zuzendaritzari eskatu ahalko diote identifikatzen diren generoari dagozkion unitate edo zentroetara eramateko, salbu eta Tratamendu Batzordeak uste badu badaudela jaiotzez esleitutako sexuaren arabera unitate edo zentroetan uzteko kausak. Besteak beste: delitu-jarduera eta zigor-historia, eta, kasu horietan, pertsona genero-delituengatik edo emakume edo adingabeen sexu-askatasunaren kontrako delituengatik kondenatu duten balioetsiko da; espetxe-historia, moldatzeko arazoak dauden kontuan hartuta, eta, azkenik, trans pertsonak barneratutako beste pertsona batzuen aldetik antzematen duen segurtasun-arriskua eta alderantziz.

Beste aldagai bat ere badago: jaiotzean esleitutako generoaz bestelako batean bizitzen hasteko erabakia espetxean egonaldi bat egin ondoren etortzea. Kasu horretan, instrukzioak ezartzen du pertsona erreferente batek egiteko laguntza-lanak, eta entitate espezializatu bat izan ahalko da, eta gehienez hiru hileko aldi bat ezartzen du eskaria irmoa eta trinkoa den edo ekintza puntual edo instrumental bat den egiaztatzeko.

Bestalde, instrukzioak jasotzen du, era berean, espetxeko pertsonalak edozein bereizkeria-egoera edo indarkeria-egoera saihestea zainduko duela eta, horretarako, aniztasunaren, ikuspegien eta trans pertsonek sentitzeko eta izateko duten moduaren inguruan sentsibilizatzeko prestakuntza jasoko duela. Era berean, transfobia ezabatzea sustatuko da, bereziki gazteen kolektiboan.   

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du instrukzio hori EAEko espetxe-ereduaren beste adibide bat gehiago dela, zeina pertsonen banako arretan oinarritzen baita. “Sentitzen dugun generoarekin bat etorriz bizitzeko erabaki formala tratamendurako banako programan kontuan hartu beharreko elementu bat da”, esan du.

Melgosak gogorarazi du datorren maiatzaren 17a Homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango dela, eta mezu bat eman nahi izan du: “Gobernu honek pertsona ororen eskubideak bermatzeko duen konpromisoa berresten du. Aniztasunak aberastu egiten du”.

Gaur egun, trans pertsona bat dago EAEko hiru espetxeetako batean, eta sexu- eta genero-aniztasunarekin zerikusia duten gaietan informazioa eta arreta emateko Berdindu! zerbitzuaren laguntza du.

Irakurri prentsa-oharra Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)