Menu
Bilatu
  • 2024/04/25
  • 11:45:09
justizia.eus

Arartekoak Justiziarekin lotutako 25 espediente izapidetu ditu 2022ean

Argitalpen-data: 

Arartekoak Justiziarekin lotutako 25 espediente izapidetu ditu 2022ean

Arartekoak, Manuel Lezertuak, 2022ko Eusko Legebiltzarrarentzako urteko txostena aurkeztu du. Horretan, "normaltasunera itzultzeko" urtebetean egindako jarduerak jasotzen dira. Justizia arloari dagokionez, buelta hori epaitegietako auzi eta espediente judizialen atzerapenei eta metaketei aurre egiteko beharrean gauzatu da, Covid-19 pandemiaren ondoren auzi judizialen gorakada nabarmena izan da-eta.

Guztira, iaz 25 kexa-espediente izapidetu ziren, 2021ean baino bat gutxiago, eta horietatik 11 Justizia Administrazioaren eta Bulego Judizialaren funtzionamenduari buruzkoak izan ziren. Gainontzeko jarduerak honela bana daitezke: abokatuen eta prokuradoreen elkargoak (3), familia elkarguneak (3), beste alderdi batzuk (2), doako laguntza juridikoa (2), herritarren eskubideak (1), notarioen eta erregistratzaileen elkargoak (1), beste elkargo profesional batzuk (1), eta Erregistro Zibila eta Jabetza Erregistroa (1). Oro har, erakundearen ekintzak areagotu egin dira aurreko urtearekin alderatuta: guztira 12.700.

Justizia Administrazioaren eta Bulego Judizialaren funtzionamendua dela-eta jarritako kexei dagokienez, horietako asko Erregistro Zibiletan aldez aurretik hitzordua lortzeko zailtasunengatik eta horietan egiten diren izapideen atzerapenengatik izan dira. Haatik, Arartekoaren ustez, arazoa laster konponduko da, 2022ko azaroaren 28tik DICIREG Euskadi hedatzen ari delako. Plataforma digital berri horri esker, Erregistro Zibil bakarra ezarriko da Espainia osorako, informatizatua eta modu elektronikoan eskuragarria.

Era berean, txostenak Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren hobekuntza azpimarratzen du; izan ere, iaz Arartekoak horren inguruan larrituta zegoela adierazi zuen arren, itxaronaldiak nabarmen murriztu dira. Eta Eusko Jaurlaritzaren Biktimei Laguntzeko Zerbitzuaren (BLZ) jarduera judizialetan biktimei laguntza integrala emateko ZUREKIN programari esker eskainitako kalitatezko zerbitzu integrala nabarmendu du.

Azkenik, 2022an, Arartekoak “Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak” Gomendio Orokorra eman du; ahal izan duen neurrian, erakundeetako eta korporazioetako arduradunekin (naziokoekin zein nazioartekoekin) egindako bilerak berreskuratu ditu; GKEei eta eskatu dioten beste elkarte batzuei aholkuak eskaini dizkie eta lankidetzan aritu da; eta ekitaldietan parte hartzeaz gain, hitzaldiak eman ditu eta materialak egin ditu.

Informazio gehiago nahi izatekotan, jo 2022ko urteko txostenera Arartekoaren webgunean (leiho berri batean irekitzen da).