Menu
Bilatu
  • 2024/04/28
  • 11:37:01
justizia.eus

Arrigorriagak, Deriok, Etxebarrik eta Galdakaok euren erregistro zibilak digitalizatzeko lanak osatu dituzte

Argitalpen-data: 

Erregistro zibilak digitalizatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du Euskadin. 2023. urtearen amaieran lanak hasi zirenetik, euskal erregistroetako 100 liburu baino gehiago eskaneatu eta digitalizatu dira. Orain arte, lau udalerrik bete dituzte dagoeneko digitalizazio-lan horiek: Arrigorriagak, Deriok, Etxebarrik eta Galdakaok. Hauek, era berean, Zarautz, Erandio, Leioa eta Santurtzirekin bat egiten dute. Udalerri horiek, duela zenbait urte egindako aurreko fase batean, beren liburu guztiak proba pilotu gisa digitalizatu zituztelako, INFOREG sistema (egungo DICIREG sistemaren aurrekoa) indarrean jarri baitzen.

Horrela, liburu guztiak eskaneatu eta DICIREG sistemara eraman ondoren, izapideak arinduko dira eta Erregistro Zibiletako langileen lana erraztuko da. Zehazki, orain arte Arrigorriagako, Derioko, Etxebarriko eta Galdakaoko erregistro zibilen jabetzakoak ziren ezkontza-, jaiotza- edo heriotza-ziurtagiriak Estatuko edozein erregistrotatik eskuratu ahal izango dira, beharrezkoa denean. Horrek aurrerapen nabarmena dakar, batez ere udalerri horietan jaiotako pertsonek Erregistro Zibilarekin beren jaioterritik urrun izapideak egin behar dituztenerako. Kasu horietan, Erregistro Zibiletako langileek ez dizkiete dokumentu horiek aipatutako erregistro zibilei eskatu behar; aitzitik, beren ordenagailuan ikusi eta eskuratu ahal izango dituzte, beren lana erraztuz eta prozesua arinduz.

Azpimarratu behar da erregistroak digitalizatzeko prozesu hori Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak bere zerbitzuen eraldaketa digitalaren alde egindako apustuaren parte dela. Aldi berean apostu hori Europar Batasunak NextGenerationEU finantzatutako 2030/Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan kokatzen da. Plan horren helburua da Justiziak gizarte-kohesioan, ekonomia- eta enpresa-dinamismoan eta funtzionamendu-kostu orokorrak murrizten laguntzeko duen gaitasuna hobetzea, eraldaketa digitalaren bidez.

Beraz, Arrigorriaga, Derio, Etxebarri eta Galdakao izan dira lehenak, baina ez dira izango digitalizaziora jauzi osoa ematen azkenak. Hain zuzen ere, Zaratamon, Loiun, Sondikan, Zamudion, Orozkon eta Bilbon jarraitzen dute lanek, eta 600 liburu inguru digitalizatzea espero dute. Aipatzekoa da udalerri horiek Bilboko Barruti Judizialari dagozkiola, Barruti Judizial hori izan baitzen DICIREG sistema berriarekin bat egin zuen lehena 2022ko azaroan. Fase hori amaitutakoan, lanak Gasteizera eramango dira.