Menu
Bilatu
  • 2022/08/ 7
  • 17:45:13
justizia.eus

Artolazabal sailburuak Euskadi 2022-2025 Justizia Errestauratiboaren Estrategia aurkeztu du (Gobernu Bilera 2022-07-26)

Argitalpen-data: 

Artolazabal sailburuak Euskadi 2022-2025 Justizia Errestauratiboaren Estrategia aurkeztu du

Beatriz Artolazabal sailburuak gaur Urkullu lehendakaria buru duen Gobernu-Kontseiluari jakinarazi dio 2022-2025 Euskadirako Justizia Errestauratiboaren Estrategia onartu duela, eragile juridikoekin, mundu akademikoarekin, gizarte-erakundeekin eta biktimen taldeekin kontraste-prozesu bat egin ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradunak azpimarratu duenez, “esparru estrategiko dinamiko eta irekia dugu dagoeneko, biktimen zein keltegileen diskreziotik eta borondatetik lanean jarraitzeko”.

Artolazabalek gaineratu duenez, “estrategia horretan ezarritako metodologiarekin, irailetik aurrera biktimen arretarako eta kaltegileak direnentzako birgizarteratzeko errestauratibo-programa berriak abian jarriko ditugu”.

“Gure helburua da programa egokiak abiaraztea, delitua, biktima-motak eta keltegileak edozein direla ere. Errestauratibo programa horiek zigor luzeak betetzen dituzten presoen eskura ere egongo dira, delitua gorabehera, genero-indarkeriari buruz indarrean dagoen legerian ezarritako salbuespenak izan ezik”.

Euskal espetxe-eredua abian jartzeko arduradun nagusiak adierazi duenez, “estrategia horren gobernantza Ana Agirre buru duen Justizia Sailburuordetzak zuzenduko du, Giza Eskubideen, Memoria Historikoaren eta Aniztasunaren Sailburuordetzarekin eta Jose Antonio Rodríguez Ranz sailburuordearekin koordinatuta”.

Estrategia horretan, Euskadiko Justizia Errestauratiboaren Foroa eratzea aurreikusten da, laguntza eta aholkularitza emateko. Foro berri honetan parte hartzera gonbidatuta egongo dira epailetza, fiskaltza, justiziarekiko lankidetza-zerbitzuak, abokatutza, unibertsitatea eta biktimekin nahiz kaltegileekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeak.

Gobernu Kontseiluak gaur ezagutu duen dokumentu estrategikoa hurrengo 4 urteetan egin beharreko 3 ardatz estrategikoren, 18 helburuen eta 82 ekintzen bidez gauzatzen da. Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, “justizia errestauratiboa bultzatzea Euskadin bizikidetza hobea lortzen laguntzea da”.

Prentsa-oharra irakurri Irekian: Artolazabal sailburuak Euskadi 2022-2025 Justizia Errestauratiboaren Estrategia aurkeztu du (Gobernu Bilera 2022-07-26) (leiho berri batean irekitzen da)