Prozedura judizial batean, pertsona guztiek beren interesak defendatzeko aukera izatea bermatzen duen zerbitzua da doako laguntza juridikoa, zerbitzu hori ordaintzeko baliabide ekonomikorik ez izan arren. Zerbitzua Abokatuen Elkargoek kudeatzen dute, eta diru publikoaren bidez finantzatzen da.
Doako justiziaz baliatu ahal izateak ez du esan nahi soilik prozedura judizial batean ofiziozko abokatu batek ordezkatuko zaituela; izan ere, zerbitzu honi esker, aipatutako laguntzaz gain, aholkularitza eta orientazio juridikoa jaso ahal izango duzu.
Doako justiziaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da zenbait baldintza ekonomiko eta juridiko betetzea; besteak beste, hauek aipa daitezke: diru-sarreren muga, jabetzan diren etxebizitza edo ibilgailu motak, inbertsioak eta bizi-baliabideak.
Doako aholkularitza juridikoa eskatu nahi izanez gero, Abokatuen Elkargora jo behar duzu; zehazki, kasuan-kasuan laguntza eskatzen den prozesu nagusia ezagutzen duen agintaritza judiziala dagoen lekuan egin behar da eskaera.Zerbitzuaren eskatzailea bizi den lurraldeko epaitegian ere egin daiteke.Esaterako, Burgosen dagoen lursail bati loturiko erreklamazio bat egin nahi izanez gero, erreklamazio hori Burgosko Abokatuen Elkargoan edota eskatzailearen bizilekuaren Epaitegi Dekanoan aurkeztu beharko da.Hau da, eskatzailea Getxon bizi bada, erreklamazioa Getxoko Epaitegi Dekanoan egin beharko litzateke, eta, gero, Epaitegiak berak bidaliko luke eskaera Burgosko Abokatuen Elkargora.