Menu
Bilatu
  • 2022/12/ 5
  • 15:03:14
justizia.eus

Artolazabalek adierazi duenez, "demokraziak gai izan behar du judizioz kanpoko exekuzioen eta jarduketa antidemokratikoen biktima guztiak aitortzeko"

Argitalpen-data: 

Artolazabalek adierazi duenez, ?demokraziak gai izan behar du judizioz kanpoko exekuzioen eta jarduketa antidemokratikoen biktima guztiak aitortzeko?

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, “demokrazia gai da eta gai izan behar du judizioz kanpoko exekuzioen eta jarduketa antidemokratikoen biktima guztiak aitortzeko, baita gerra zibilean errepublikanoen atzeguardian eragindako biktimak ere”.

Euskal Talde Popularra-C's taldeko bozeramaile Carmelo Barriok Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko Gurutzea zaharberritzearen edo birgaitzearen inguruan dituen asmoei buruz galdetu dionean adierazi du hori sailburuak.

Sailburuak erantzunean gaineratu duenez, mota horretako jarduketak “udal-eskumenak” dira, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen proiektuaren arabera.

“Proiektuak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioek hartuko dituzte, beren eskumenak erabiliz, beren herriko memoria historikoaren aurkako elementu guztiak kentzeko beharrezkoak diren neurriak”, azpimarratu du Artolazabalek.

Barakaldoko Cabo Quilates-en gurutzea joan den martxoaren 22ko gauean eraitsi zuen Ernai gazte-erakundeak, espazio publikoetatik sinbolo frankista guztiak kentzeko indarkeriazko kanpaina baten esparruan. Zehazki, Gerra Zibila hasi zenean Bilboko portuan ainguratuta zegoen itsasontzi bat zen Cabo Quilates izenekoa, eta errepublikanoen tropek espetxe-ontzi gisa erabili zuten Portu izeneko dartsenan.

Bere garaian egin zuen bezala, Artolazabalek gurutze horren eraispena eta Ernai taldeak egindako beste antzeko ekintza batzuk “aringarririk gabe” gaitzesteko baliatu du kontrol-saioa. “Sabotaje mota oro, modu demokratikoan, gardentasun osoz eta udal-erabakietan oinarrituta egiten ez den jarduketa mota oro eta inposaketaren eta indarkeriaren bidez egindako jarduketa mota oro salatzen dugu”, adierazi du sailburuak.

Ildo horretan, Artolazabalek azpimarratu duenez, “euskal udalerriak sinbolo frankista guztiak kentzen ari dira irizpide historiko eta demokratikoetan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Institutuarekin lankidetzan”. “Irizpide horietan beretan oinarrituta, zenbait kasutan sinbolo edo memoria-leku horiei esanahi berria ematea aukera bereziki zentzuzkoa da”, amaitu du sailburuak.

Prentsa-oharra irakurri Irekian: Artolazabalek adierazi duenez, “demokraziak gai izan behar du judizioz kanpoko exekuzioen eta jarduketa antidemokratikoen biktima guztiak aitortzeko”