Menu
Bilatu
  • 2023/03/23
  • 18:35:01
justizia.eus

Artolazabalek iragarri du abenduaren 20an sinatuko dela biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakundeen arteko hirugarren akordioa

Argitalpen-data: 

Artolazabalek iragarri du abenduaren 20an sinatuko dela biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakundeen arteko hirugarren akordioa

Akordioa 2001ean sinatu zen lehen aldiz, eta 2009an eguneratu zen. Horri esker, arreta integrala emango da osasun-, polizia-, gizarte- eta justizia-arloetan.

Salaketen gorakadaren aurrean, sailburuak gogorarazi du gure lana dela, baita ere, emakumeek beren borondatez salaketa jartzeko aukera emango duten baldintzak sortzea.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez, abenduaren 20an sinatuko da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko Erakundeen arteko III. Akordioa. Podemoseko taldeak indarkeria matxista desagerrarazteko bere sailaren ekintzei buruz egindako interpelazio bati erantzunez adierazi duen bezala, “hirugarren akordio honek aukera emango digu biktimen beharrak erdigunean jartzeko eta osasun, polizia, zerbitzu sozial eta judizialetan arreta integrala lortzeko, bai eta eremu eta sistema guztietan detekzio goiztiarrean aurrera egiteko eta indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzan aurrera egiteko ere”. Hasieran 2001ean sinatu eta 2009an eguneratu zen akordioaren helburua tratu txarren eta sexu-erasoen biktimei laguntzeko inplikatutako erakundeen arteko koordinazioa da, osasun-arloko, poliziaren arloko, justiziaren arloko eta gizartearen arloko babes osoa bermatzeko.

Sailburuak adierazi du emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko lan egitea erabateko lehentasuna dela Gobernuarentzat, eta salaketen gorakadari dagokionez, zehaztu du datuen irakurketa egitean, kontuan hartu behar direla, halaber, “hamarkada hauetan emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan eman diren aurrerapen guztiak, arazo ikusgarriagoa bihurtu baitute”. Ildo horretan, adierazi du “aurrerapen horiei esker ezkutuan zeuden kasuak azaleratu” direla, “gaur egun emakumeak babestuago sentitzen direlako indarkeria-egoera bat salatzeko, zerbitzu gehiago dituztelako eskura, eta ahalduntzeko tresna gehiago dituztelako”.

Gogorarazi duenez, hala ere, “badakigu erregistro ofizialek arazoaren zati bat islatzen jarraitzen dutela, eta oraindik ere badira laguntza eske erakundeetara hurbiltzen ez diren eta erregistro horietan jasota ez dauden emakumeak”. Horregatik, nabarmendu du, “gure lana emakumeek salaketa jartzeko aukera emango duten baldintza batzuk sortzea ere bada”.

Sailburuak, halaber, gogorarazi du bere sailak buru-belarri jarraitzen duela emakume biktimei zerbitzu guztiak eskaintzeko, hala nola indarkeriaren biktima diren emakumeei telefono bidezko arreta emateko 900 840 111 zerbitzu espezializatua, arreta-sisteman sartzeko ate nagusia; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoaren kudeaketa; emakume biktimak artatzen dituzten profesionalentzako aholkularitza- eta informazio-zerbitzua; sare judizialean hogeita hamar urteko ibilbidea duten Biktimei Laguntzeko Zerbitzua; edo Zurekin laguntza-programa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aitortza jaso duena.

Sailak kudeatutako zerbitzu horiei gehitu behar zaizkie Etxebizitza, Osasun, Ertzaintza, Lanbide edo Hezkuntza alorrak kudeatzen dituzten Jaurlaritzako beste sail batzuek emakumeen aurkako indarkeriaren arloan eskainitako zerbitzu guztiak.

Irakurri pretsa-oharra Irekia atarian (leiho berri batean irekitzen da)