Menu
Bilatu
  • 2024/02/25
  • 22:36:52
justizia.eus

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak prozesu bat hasi du Tratu-berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako Euskal Legea idazteko ekarpenak jasotzeko

Argitalpen-data: 

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak prozesu bat hasi du Tratu-berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako Euskal Legea idazteko ekarpenak jasotzeko

Eragile instituzional eta sozialekin harremanetan jartzen da, erronkak, aukerak, ahalmenak eta mugak identifikatzeko

Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez, “euskal herritarrei lege-esparru propioa eta berariazkoa eman nahi diegu, baldintza berberetan, banakako eta taldeko proiektuak garatzeko”

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak parte hartzeko prozesu bat jarri du abian gaur, lan-jardunaldi baten bidez, indarrean dagoen legegintzaldian sustatuko den tratu berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako Euskal Legearen edukiaren inguruko erronkak, aukerak, ahalmenak eta mugak identifikatzeko.

“Euskadiri, euskal herritarrei eta, bereziki, diskriminazio-egoera historikoei eta egiturazkoei aurre egiten dieten pertsonei eta gizarte-taldeei lege-esparru propioa eta berariazkoa eman nahi diegu, beren proiektu indibidualak eta kolektiboak baldintza berdinetan garatzeko”, azaldu du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Artolazabalek adierazi duenez, “gaur bide hori formalki hasi, eta antzeko prozesuetan urratsak egin dituztenengandik entzuten, egiaztatzen eta ikasten hasiko dugu”. Izan ere, hainbat eragilek hartu dute parte jardunaldian, bai erakundeek, bai gizarte entitateen ordezkariek, batez ere, diskriminazio edo tratu desberdina pairatzen duten kolektiboek.

Besteak beste, honako hauek izan dira bileran: José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordea; Monika Hernando, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria; Biltzen – Kulturen arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuko ordezkariak; udalen eta foru aldundien ordezkaritzak; zenbait ordezkari parlamentario; eta era askotako erakundeak, hala nola desgaitasuna, LGTBI kolektiboa, immigrazioa, Ijitoen Herria, besteak beste.

Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak Udaberri 2024 Bizikidetzarako, Giza Eskubideetarako eta Aniztasunerako Euskal Agenda betez, Tratu Berdintasunerako eta Diskriminaziorik Ezerako Lege berri bat idazteko Eusko Jaurlaritzak eman nahi dion bultzadaren barruan kokatzen da topaketa hau.

Bilboko Azkuna Zentroko Bastida aretoan egin da ekitaldia, eta hainbat adituk hartu dute parte: Imanol Zubero, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologiako irakaslea; Marina Echebarría Sáenz, Valladolideko Unibertsitateko merkataritza-zuzenbideko katedraduna eta LGBTI ekintzailea; edo Mireia Mata i Solsona Kataluniako Generalitateko Berdintasunerako zuzendari nagusia; besteak beste, Katalunian tratu-berdintasunari eta Diskriminazio Ezari buruzko Legea egiteko legegintza-prozesua eta bildutako esperientzia azaldu ditu.

Irakurri prentsa-ohar osoa Irekia (leiho berri batean irekitzen da)atarian.