Menu
Bilatu
  • 2024/04/16
  • 21:53:12
justizia.eus

Euskal Autonomia Erkidegoko 80 ikastetxek baino gehiagok eta 50 bat epailek parte hartuko dute ikasturte honetan "Justizian Heztea" programan

Argitalpen-data: 

Euskal Autonomia Erkidegoko 80 ikastetxek baino gehiagok eta 50 bat epailek parte hartuko dute ikasturte honetan "Justizian Heztea" programan

· Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietako Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta LHko ikasleei zuzenduta dago

· Programen helburua ikasleek justizia-sistemaren funtzionamendua ezagutzea da, eta, bereziki, genero-indarkerian, eskola-jazarpenean eta sare sozialen erabileran jartzen da arreta

Euskal Autonomia Erkidegoko 86 ikastetxek eta 50 bat epailek parte hartuko dute 2023-2024 ikasturtean justizia-sistemaren funtzionamendua Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta LHko ikasleei hurbiltzeko Justizian Heztea programan.

Edizio honen berrikuntza da gora egin duela bai interesa duten ikastetxeen kopuruak bai programan parte hartuko duten justiziako profesionalenak, eta horien artean fiskal batzuk ere izango dira.

Izena emateko epea amaitzean, 86 ikastetxe zeuden inskribatuta: 10 Araban, 51 Bizkaian eta 25 Gipuzkoan. 

Justizian Heztea programa 2019-2020 ikasturtean jarri zen abian Euskal Autonomia Erkidegoan. Lehenengo programa pilotu hartan Bilboko bi ikastetxek parte hartu zuten, baina Covidek eragindako pandemiak eten egin zuen, eta 2022-2023 ekitaldian 48 ikastetxetan ekin zitzaion berriz eta 40 bat epailek hartu zuten parte bertan.

Ikastetxe bakoitzean programa hiru saiotan antolatzen da, bai gaztelaniaz bai euskaraz. Lehenengoan, epaileak solasaldi bat izaten du ikasleekin; bigarren saioan ikasleak epaitegi batera joaten dira, eta instalazioak bisitatzeaz gainera, epaiketa batean izaten dira; eta, azkenik, hirugarren saioan, benetako epaiketa bat antzezten dute.

Ekimenaren helburua ikasleek sistema judizialaren funtzionamenduari buruz behar adina ezagutza eskuratzea da, eta ikasleei azaltzen zaie zein diren ordena jurisdikzionalak (zibila, penala, administrazioarekiko auziena eta soziala), nola garatzen den epaiketa penala eta zer funtzio betetzen duen alderdi bakoitzak epaiketan.

Gainera, bereziki alderdi hauei buruzko azalpenak ematen dizkiete: genero-indarkeria, eskola-jazarpena, sare sozialen erabilera eta pribatutasuna errespetatzea, irudi intimoak eta sexualak trukatzea, drogen kontsumoa eta adingabearen erantzukizun penala.

Justizian Heztea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Komunikazio Bulegoak sustatutako programa bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ere parte hartzen du bertan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Justizia Sailburuordetzaren bitartez, harekin batera antolatzen du programa.

Irakurri prentsa-oharra osoa Irekian (leiho berri batean irekitzen da)