Menu
Bilatu
  • 2024/10/18
  • 07:00:34
justizia.eus

Ivo Aertsen irakasleak proposatu du "justizia errestauratiboa aplikatzea eta garatzea, bereziki biktimizazio larriei"

Argitalpen-data: 

· Nerea Melgosak KREI Kriminologiaren Euskal Institutuaren 2023-2024 ikasturtearen hasiera-ekitaldian parte hartu du

· "Euskal botere publikoen jarduketa delitua prebenitzera, haren ondorioak konpontzera eta gizarteratzera eta berrerortzea saihestera bideratutako eredu baterantz lerrokatu dezakegu"

· Gemma Varona, KREIko zuzendaria, UPV/EHUko Donostiako Campusean

· Kataluniako, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justiziako kontseilarien presentzia

· Irakasle belgikarra KREIko Ohorezko Kide izendatua

· Jean Pinatel saria, ex aequo, honako lan hauei: "Donostiako mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen eta bizikleten istripu-arriskuaren azterketa" eta "Animalien aurkako tratu txarrei emandako erantzun kriminologikoak"

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosaren ustez “Euskal Autonomia Erkidegoak eskumenak ditu kriminalitatearen prebentzioan, segurtasunean eta ordena publikoan, gizarte-politiketan, justizia-administrazioan eta espetxe-betearazpenean. Horregatik, zigor- eta espetxe-legerian ezarritakoaren barruan, Euskal botere publikoen jarduketa eredu baterantz lerrokatu dezakegu, delituari aurrea hartzera, delituaren ondorioak konpontzera eta delituak egin zituztenak gizarteratzen eta berriz ez egiten saiatzera bideratua".

Melgosak KREI-Kriminologiaren Euskal Institutuaren 2023/24 ikasturtearen irekiera-ekitaldian hartu du parte gaur arratsaldean. Ekitaldi horretan Ivo Aertsen, Lovainako Unibertsitateko (Belgika) irakasle emeritua, Ohorezko Kide izendatu dute, eta “Mugarik gabeko beste topaketa bat, Unibertsitatearen eta politika publikoen artean, justizia errestauratiboaren aplikazioari eta garapenari buruz, bereziki kontuan izanik biktimizazio larriak. Biktimak eta justizia penaleko sistemak: itxaropenak eta errealitatea” izeneko ikasturte hasierako hitzaldia eman du.

Ekitaldia UPV/EHUren Donostiako campusean egin da, eta KREIko zuzendari Gema Varona izan da buru. Ekitaldian parte hartu dute KREIko idazkari akademiko Juan Aldazek, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko idazkari akademiko Idoia Otaegik, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari eta bertako bozeramaile Amparo López Antelok, Kataluniako Drets i Memòria-ko eta Justiziako kontseilari Gemma Ubasart-ek eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak. Gainera, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz-ek, Segurtasuneko sailburuorde Rodrigo Gartzia-Auzmendik eta Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendari Eugenio Artetxek ere hartu dute parte bertan.

Lankidetza

Nerea Melgosa sailburuak adierazi duenez, "KREI aliatua da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatzen dituen jarduera askotan. Erreferentziazko zentroa da mundu akademikoan, eta eredua da, ez bakarrik goi-mailako profesionalen prestakuntzan, baita kalitatezko ikerketa garatzeko unean ere".

"Ezagutza zientifikoa gizartera eramatea funtsezko elementua da gure ongizatea garatzeko, eta, gainera, gure administrazioei balio die politika publikoak ebaluatzeko eta gure erabakiak ebidentzietan oinarritzeko. Gure kasuan, KREIren eta Eusko Jaurlaritzaren interes zientifikoek bat egiten dute kriminalitatearen prebentzioan, gazte-justizian, biktimologian, justizia errestauratiboan edo espetxe-politiketan", adierazi du Nerea Melgosak.

"Batzuek espetxe-politika propioa ezartzeko dugun gaitasuna erlatibizatu nahi dute", ohartarazi du Melgosa sailburuak. "Euskal Autonomia Erkidegoak eskumenak ditu kriminalitatearen prebentzioan, segurtasunean eta ordena publikoan, gizarte-politiketan, justizia-administrazioan eta espetxe-betearazpenean".

“Hortaz, zigor- eta espetxe-legerian ezarritakoaren barruan, Euskal botere publikoen jarduketa eredu baterantz lerrokatu dezakegu, delituari aurrea hartzera, delituaren ondorioak konpontzera eta delituak egin zituztenak gizarteratzen eta berriz ez egiten saiatzera bideratua. Hori guztia, portaeren normalizazioa sustatzeaz gain, pertsona zigortuei gizartean, harremanetan, hezkuntzan edo lanean integratzeko trebetasunak eskuratzeko prozesuan laguntzea oinarri hartuta", adierazi du Melgosa sailburuak.

Bestalde, Segurtasuneko sailburuorde Rodrigo Gartzia-Auzmendik adierazi duenez, "Kriminologiaren Euskal Institutuaren existentziaren eta jardueraren oinarri diren printzipio orokorrak argi eta garbi islatzen dira Ertzaintzaren egunerokoan: errealitatea ezagutzea, diziplina anitzeko integrazioa, bikaintasuna bilatzea, gizarteari zerbitzua ematea eta Europako eta nazioarteko dimentsioa".

"Errealitatearen ezagutza horren ondorioz, ziberdelinkuentziaren fenomenoari aurre egin behar diogu, esparru guztietatik. Gaur egun, 4 arau-hauste penaletik 1 sarean egiten da, batez ere ondarearen aurkako delituak, eta, bereziki, iruzurrak. Horretarako, Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia (Cyberzaintza) sortu eta abian jarri berri du Eusko Jaurlaritzak, herritarrei, erakunde publikoei eta enpresa-sareari zerbitzua emateko helburuarekin "gaineratu du Segurtasuneko sailburuordeak.

Aertseni aitorpena

Gema Varona Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariak Ivo Aertsenek justizia errestauratiboaren arloan egindako lan aitzindaria goraipatu du. Bestalde, IVAC-KREIko idazkari akademiko Juan Aldazek 2022-2023 ikasturteko Memoria Akademikoaren laburpena aurkeztu du.

Ivo Aertsen abokatua, psikologoa eta unibertsitateko irakaslea da, eta «Bitartekotza biktima-delitugilea: justizia penal errestauratiboaren sistema garatzeari buruzko ikerketa» arloan doktoregoa du, Katholieke Universiteit Leuven-en (Lovainako Unibertsitate Katolikoan). Gainera, European Forum for Restorative Justice (Justizia Errestauratiborako Europako Foroa) sortu zuen. Gobernuz kanpoko erakunde hori 2000. urtean sortu zen, Delitugileen eta Justizia Errestauratiboaren arteko Bitartekaritzarako Europako Foroa izenarekin. Bertan, 15 herrialdetako pertsonek hartzen dute parte.

Ivo Aertsenek emandako ikasturte hasierako hitzaldiaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Kataluniako Justizia kontseilariek solasaldi bat egin dute, Eduardo Santosek eta José Luis de la Cuestak gidatuta.

Nerea Melgosak Ivo Aertseni azaldu dionez, berak zuzentzen duen Sailak "justiziaren arloa barne hartzen du, baina baita berdintasuna, giza eskubideak eta gizarte-politikak ere. Zeharkakotasun horrek ekintza-ildo desberdinak erronka komun batean bateratzeko abantaila ematen du: justizia gizatiarragoa eta pertsona ahulen eskubideak gehiago bermatzeko moduan egitea".

"Ikuspegi horrekin, uste dut zigor-zuzenbidea ez dela mendekuan eta zigorrean oinarritu behar, baizik eta erreparaziorako, bakerako eta bizikidetzarako tresna izan behar du. Eta hor hartzen du garrantzia justizia errestauratiboak, gatazka indibidualak edo sozialak kudeatzeko eta konpontzeko elkarrizketa-tresnak ematen dizkigulako", gaineratu du.

Gainera, Melgosak azaldu duenez, "Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun dagoen justizia errestauratiboa urteetako lanaren emaitza da. Gazte-justizian hasi zenetik, eta auzitegi barruko bitartekaritza-zerbitzua sortu zenetik, eta, ondoren, justizia errestauratiboko egungo zerbitzu bihurtu zenetik hasi. Espetxeetan justizia errestauratiboko programak sartu arte, espetxe-eskumena bereganatuta".

Zerbitzua

"Gaur egun, deribazio judizialaren bidezko justizia errestauratiboko zerbitzu bat dugu, esparru penalean eta esparru zibil-familiarrean jarduten duena. Zerbitzu horretan, estatistikoki bitartekaritzaren erabilera da nagusi, baina beste tresna batzuk ere erabiltzen dira, hala nola zirkuluak eta hitzaldiak. Eta espetxe-esparruan jarduten duten justizia errestauratiboko programak ere baditugu" adierazi du Nerea Melgosak Aertsen irakaslearekin egindako mahai-inguruan.

Melgosak azaldu duenez, "Gizarte indibidualista, polarizatu eta zatikatu batean bizi gara, non gatazkak modu baketsuan autokudeatzeko gaitasuna galtzen ari den. Horregatik, gizarte-gatazkak konpontzeko elkarrizketa-kultura sustatuko duen kultura-aldaketa sortzen lagundu nahi dugu. Gipuzkoako edo Arabako herri batzuetan baditugu horren inguruko esperientzia batzuk; komunitateetan elkarrizketa errestauratiboak ditugu kaltetutako bizikidetza berreskuratzeko".

"Gure estrategian justizia errestauratiboko zerbitzuak biktima, biktimario eta delitu mota guztietara zabaltzearen alde egiten dugu, larrienak barne, prozesu penalaren fasea edozein dela ere. Hala ere, egia da delitu larrienetan, inpaktu emozional handiagoa dutelako, kontu handiagoz ibili behar dela aldeen borondatea eta haien segurtasun fisiko eta psikologikoa ziurtatzeko. Hor ere teknika erreparatzaileek beren lekua dute, hala nola zeharkako biktimekin, zirkuluekin eta abarrekin elkartzea, biktimaren eta biktimagilearen arteko zuzeneko topaketa eskatzen ez dutenak. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da egungo legeak debekatu egiten duela bitartekotza eta adiskidetzea delitu jakin batzuetan", adierazi du Melgosa sailburuak.

XVII. Jean Pinatel Saria, ex aequo, honako lan hauei eman zaie: "Donostiako mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen eta bizikleten istripu-arriskuaren azterketa" eta "Animalien aurkako tratu txarrei emandako erantzun kriminologikoak: Zigor Neurri Alternatiboen eremuan esku hartzeko proposamena".  UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko idazkari akademiko Idoia Otaegik amaiera eman dio Ikastaroari hasiera emateko jardunaldiari.

Pertsona ospetsuak: Agnese Moro

Antonio Beristain irakaslearen omenezko XIII. Biktimologia Topaketaren barruan, egun osoan zehar, "Belaunaldien arteko justizia errestauratiboa: Topaketa errestauratiboen Topaketaren elkarrizketa zabalduz (EofEs)" gaiarekin lotutako hainbat klase eta jarduera aurkeztu dira.

2019an Donostian sortu zenetik, "Topaketen Topaketa" izenekoan biltzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Belgikako, Alemaniako, Israelgo eta Palestinako, Italiako, Ipar Irlandako, Eskoziako eta Ukrainako pertsonak. Pertsona horiek komunean duten elkarrizketa errestauratiboetan parte hartzea indarkeria politikoko eta indarkeriazko estremismoko egoerak bizi ondoren. Giza biblioteketatik hartutako metodologiari jarraiki, esperientziak partekatu dira, kontuan izanik printzipio errestauratiboen konplexutasuna eta errespetua, Justizia Errestauratiboaren Nazioarteko Astearen barruan.

"Terrorismoaren biktimak Euskal Herriko Unibertsitatean: bakea, ahotsak eta axolagabekeria" izan da, goizeko lehen orduan, Ana Escauriza Nafarroako Unibertsitateko irakasleak aztertu duen gaia. Historian eta Kazetaritzan graduatua Nafarroako Unibertsitatean, ikerketa-masterra Valladolideko Unibertsitatean eta Historia Garaikidean doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. 2022an “Violencia, silencio y resistencia. ETA y la Universidad (1959-2011)” liburua argitaratu zuen.

Ondoren, "Egiaren, erreparazioaren, mmoriaren, barkamenaren eta adiskidetzearen esanahi errestauratiboak indarkeria politikoaren eta indarkeriazko estremismoaren ondoren" gaia landu da, EofEs-eko hainbat herrialdetako ordezkariekin, European Studies Center eta Baionako Unibertsitateko Europako Ikasketen Zentroko Maitena Poelemansek eta Paueko Unibertsitateko Michèle Mestrotek aurkeztuta.

Parte-hartzaileen artean izan dira Ivo Aertsen, Clair Aldington, Ernersto Balducchi, Eduardo Santos, Gabrio Forti, Guido Bertagna, Emanuela Biffi, Robi Damelin, Barbara Dürkhop, Carolin Hillemanns, Idoia Igartua, Maixabel Lasa, Katrien Lauwaert, Leyre Padilla, Claudia Mazzucato, Roberto Moreno, Agnese Moro, Alberto Olalde, Francesco Semeria, Gema Varona, Pili Zabala, Mohammed AbuJafar, Laila Alsheikh, María Margalida, Jo Berry, Franco Bonisoli, Adolfo Ceretti, Itai Leshem, Arianna Fioravanti, Pat Magee, Yeva Narodenko, Laura Russo, Raymond Watson, Alex Carrascosa, Ainhoa Gómez Izagirre, José Aguilar, Letícia Vidotto, Laura Ibañez, Roland Prévot, Fatima Ezzarhouni, Josemi Gómez Elósegui, Mar Puga, Pablo Martínez Larburu eta Tanya Kearns.

“Sufrimendua eta haren arrastoak. Indarkeria politikoaren eta indarkeriazko estremismoaren ondorengo berreraikuntza pertsonal, interpertsonal eta sozialaren elkarguneak: justizia errestauratiboa, justizia eraldatzaile gisa, eta ez prozedurazkoa eta terapeutikoa bakarrik” aztertu dute, arratsaldeko lehen orduan, EofEs-eko hainbat herrialdetako ordezkariekin izandako topaketa batean. Topaketa hori Alex Carrascosak, Idoia Igartuak eta Roberto Morenok (Arartekoa) moderatu dute.

Irakurri prentsa ohar osoa Irekian (leiho berri batean irekitzen da).