Menu
Bilatu
  • 2024/12/26
  • 15:27:33
justizia.eus

Karrera judizialaren % 62,5 emakumeak dira Euskadin

Argitalpen-data: 

Martxoaren 10ean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak "Karrera Judizialaren egitura demografikoa" txostena argitaratu zuen. Txosten horren arabera, Euskadiko karrera judizialaren % 62,5 emakumeak dira, Estatuko batez bestekoa baino 5 puntu gehiago, eta gainerako autonomia-erkidegoetako tasarik altuena da.

Azterlanaren arabera, 2024ko urtarrilaren 1ean, 5.416 epailek eta magistratuk osatzen zuten karrera judiziala, eta horietatik 3.101 emakumeak ziren. Kopuru hori guztizkoaren % 57,2 da. 2014an % 50,1a ziren emakumeak, eta, horrek esan nahi du emakumeen presentzia % 7,1 handitu dela.

Era berean, txostenak adierazten du karrera judiziala osatzen duten pertsonen batez besteko adina 52,3 urtekoa dela (50,4 urte emakumeentzat eta 54,9 urte gizonentzat). Adin-tarteen araberako datuak kontuan hartuta, karrera judiziala pixkanaka-pixkanaka feminizatzen ari dela islatzen du; 61 eta 72 urte bitarteko magistratuen artean  gehienak gizonak dira, eta 30 urte edo gutxiago dituztenen % 70a, aldiz, emakumeak dira.

Aipatutakoaz gain, nahiz eta kide anitzeko organoetan emakumeen presentzia ia 10 puntu handitu den azken hamarkadan, gutxiengoa izaten jarraitzen du. Gaur egun, jardunean dauden 1.579 langileetatik 676 emakumeak dira, eta, beraz, emakumeak kupula judizialera hurbiltzen ari badira ere, organo horietan ez dute lortzen karrera judizialean duten ordezkaritza. Azterlanak dio emakumeak direla % 43,1a  Auzitegi Nazionalean, % 41,3 Justizia Auzitegi Nagusietan, % 44 probintzia-auzitegietan eta % 21,1 Auzitegi Gorenean. Auzitegi Gorenari dagokionez, kontuan hartu behar da 4/2021 Lege Organikoa indarrean jarri ondoren jada ez dela izendapen diskrezionalik egin eta ez dela plantillan sartu.

Hala ere, gehiengoa dira kide bakarreko organoetan, merkataritza-arloko epaitegietan eta administrazioarekiko auzien epaitegietan izan ezik, horietan titularren % 44,2 eta % 49,8 baitira, hurrenez hurren. Nabarmentzekoa da emakumeak direla, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien % 76,6, lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegien % 68,6 eta adingabeen epaitegien % 67,9.

Txosten osoa eta beste urteetakoa Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren webgunean kontsulta ditzakezu (leiho berri batean irekitzen da).