Menu
Bilatu
  • 2024/05/27
  • 05:15:51
justizia.eus

Nerea Melgosa: "Auzitegiko psikologia ez da independentziaren eta hurbiltasun judizialaren kaltetzat hartu behar"

Argitalpen-data: 

Nerea Melgosa: "Auzitegiko psikologia ez da independentziaren eta hurbiltasun judizialaren kaltetzat hartu behar"

Deustuko Unibertsitatearen Auditorioan Auzitegiko Psikologiaren I. Kongresua egingo da apirilaren 18tik 20ra bitartean, Psikologia eta Justizia pertsona ahulen zerbitzura izenburupean. Inaugurazio-ekitaldia gaur arratsaldean izan da, eta bertan parte hartu dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak; María Carrasco Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak; Begoña Rueda Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialeko dekanoak eta Fernando Álvarez Justizia Administrazioko Auzitegi Psikologiako Elkarteko presidenteak.

Hiru egunez, Psikologiako eta Auzitegiko Psikologiako profesionalek hainbat alderdi jorratuko dituzte, honako hauekin lotuta: nahasmendu mentala duten pertsonen gaitasuna zigor-ondorioetarako ebaluatzea; aldez aurretik eratutako probak eta sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeen lekukotzaren balorazioa; perituen esku-hartzea adingabeak inplikatzen dituzten familia-prozesu zibiletan edo desgaitasuna duten pertsonen kasuetan; gurasoen arteko gatazka handiko egoerak baloratzea edo legearekin gatazkan dauden adingabeen kasuan esku hartzea.

“Kasu konplexu batzuetan, Auzitegiko Psikologiak ematen duen aholkularitza espezializatua behar da; baina hori ez da ulertu behar independentziari eta epaileen hurbiltasunari egindako kaltetzat”, esan du Nerea Melgosak bere hitzaldian. Sailburuak sakondu egin du: “Hori bereziki pertsona ahulenen kasuan gertatzen da, hala nola, adingabeen kasuan, adimen-urritasuna duten pertsonen kasuan edo zenbait biktima-kategoriatan, esaterako, sexu-abusuen biktimetan”.

Euskadin “barruti judizial guztietan badaudela Auzitegiko Psikologiako zerbitzuak” azaldu ondoren, Justizia sailburuak arlo horretako prestakuntza balioetsi du. Hala, zenbait unibertsitatetan espezializazio-masterrak sortzeaz hitz egin du, eta onartu du etorkizunean “euskal unibertsitateetan ere egin daitezkeela”.