Menu
Bilatu
  • 2024/06/26
  • 13:10:59
justizia.eus

Ba al zenekien atzerrian emandako epaiak betearaz daitezkeela?

Argitalpen-data: 

Espainiako auzitegiek estatu horretan emandako ebazpen judizialak betearazi ditzakete. Hala ere, aukera hori ez da beti automatikoa atzerriko epaien kasuan.

Ebazpenaren jatorrizko estatua, haren gaia eta betekizun jakin batzuk betetzen dituen ala ez kontuan hartuta, hori onartzea nahi duen herritarra bi egoeratan egon daiteke: ebazpena automatikoki aplikatzekoa izatea edo hura betearazteko aurretiazko homologazio-prozedura jarraitu behar izatea.

Lehenengo kasua mugatuena da, 3 betekizun eskatzen baititu:

· Egintza Europar Batasuneko herrialde batekoa izatea.

· Gai jakin horretarako onarpen automatikoa jasotzen duen erregelamendua egotea. Ildo horretan, arlo zibileko eta merkataritza-arloko ebazpen judizialak, ezkontza-arlokoak eta guraso-erantzukizunari buruzkoak nabarmendu behar dira.

· Esparru bakoitzeko erregelamendu espezifikoetan, adibidez, 2019/1111 Erregelamenduan (leiho berri batean irekitzen da), jasotako salbuespenetan ez egotea. Horien artean, aipatzekoak dira ebazpena ordena publikoaren aurkakoa izatea edo demandatua auzi-ihesean egotea.

Gainerako kasuetan, exequatur izeneko prozedura jarraitu behar da atzerriko epaia herrialde hartzailean baliozkoa den aztertzeko. Prozeduraz arduratzeko eskumena aitorpena edo betearazpena eskatzen duen alderdiaren edo atzerriko ebazpen judizialaren ondorioak pairatuko dituen pertsonaren egoitzako Lehen Auzialdiko Epaitegiari dagokio. Abokatua eta prokuradorea nahitaezkoak dira.

Exequatur-demanda aurkeztu ondoren, Justizia Administrazioaren letraduak aztertu egiten du, eta, bidezkoa bada, dekretu bat ematen du demanda onartzeko eta alderdi demandatuari helarazteko, nahi badu aurka egin dezan hogeita hamar eguneko epean. Aurkakotza formalizatu ondoren, edo horretarako epea amaitu eta formalizatu ez bada, jurisdikzio-organoak ebatziko du auto bidez, hamar eguneko epean.

Gai Zibiletako Nazioarteko Lankidetza Juridikoari buruzko uztailaren 30eko 29/2015 Legeak (leiho berri batean irekitzen da) ezartzen du zein kasutan uka daitekeen atzerriko ebazpen judizial irmo baten exequaturra:

· Ordena publikoaren aurkakoa denean.

· Edozeinen alderdiren defentsa-eskubideak nabarmen urratuz eman denean. Ebazpena auzi-ihesean eman bada, defentsa-eskubideak nabarmen urratu direla ulertuko da, baldin eta demandatuari epatze-zedula edo dokumentu baliokidea modu erregularrean eta defendatzeko behar besteko denborarekin eman ez bazaio.

· Atzerriko ebazpena Espainiako jurisdikzio-organoak soilik eskudun diren gai bati buruzkoa denean, edo, gainerako gaiei dagokienez, jatorrizko epailearen eskumena ez bada arrazoizko lotura baten ondorio.

· Ebazpena Espainian emandako beste batekin bateraezina denean.

· Ebazpena bateraezina denean aurretik beste estatu batean emandako ebazpen batekin, azken horrek Espainian aitortzeko beharrezko baldintzak betetzen baditu.

· Espainian auzi bat ebazteke dagoenean alderdi berberen artean eta xede berarekin, atzerriko prozesua abiatu aurretik hasitakoa.

Exequatur-autoaren aurka apelazio-errekurtsoa baino ezin da aurkeztu.