Erregistro Zbilak digitalizatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du Euskadin. Bilboko barruti judizialeko bake-epaitegietan prozesua amaitu ondoren, lanak Gasteizkoan egiten ari dira, 43 udalerrik eta hiriburuak berak osatua.
Orain arte, Armiñón, Arraia-Maeztu, Kanpezu, Erriberagoitia, Guardia, Lantaron, Oion, Erribera Beitia, Gesaltza-Añana, Zalduendo eta Aranako Haraneko liburuen digitalizazioa burutu da, eta Asparrena, Bernedo, Kuartango, Lagran, Zanbrana eta Zigoitian jarraitzen dute lanean. Lanak udalerri guztietan amaitzen direnean hasiko dira Arabako hiriburuan.
Ondoren, prozesua Donostiako barruti judizialera eramango da, eta urte amaieran lanak Barakaldora eramatea aurreikusten da. Horrela, DICIREG sistema ezartzeko hartutako kronologia berari jarraitu nahi zaio. Estrategia horren bidez, datozen bi urteetan Euskadiko Erregistro Zibilen 11.000 liburu digitalizatzea espero da.
Azpimarratu behar da prozesuak abian jarraitzen duela Bilboko Erregistro Zibilean, duen informazio-tamaina eta -bolumena kontuan hartuta.
Erregistro Zibil Digitala
Digitalizazio-prozesuaren helburua argia da: Erregistro Zibil Digitala sortzea eta ezartzea. Sistema berri horri esker, herritarrek erregistroko informazioa eskuratu ahal izango dute, eta jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-ziurtagiriak eskuratu ahal izango dituzte, Espainiako edozein Erregistro Zibiletara aurrez aurre joanda, inskripzioa egin zen lekura joan beharrik gabe.
Garrantzitsua da azpimarratzea prozesu hori Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzak bere zerbitzuen eraldaketa digitalaren alde egindako apustu irmoaren parte dela. Ekimen hori Justizia 2030/Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan kokatzen da, eta Europar Batasunak finantzatzen du, NextGenerationEU programaren bidez. Plan horren helburua da Justiziak gizarte-kohesioa, ekonomiaren eta enpresen dinamismoa eta eraldaketa digitalaren bidez funtzionamendu-kostu orokorrak murrizteko duen gaitasuna hobetzea.