Menu
Bilatu
  • 2024/03/29
  • 10:28:35
justizia.eus

Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak Eraberean sareak diskriminaziorik ezaren alde egiten duen lana nabarmendu du

Argitalpen-data: 

Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak Eraberean sareak diskriminaziorik ezaren alde egiten duen lana nabarmendu du

· Monika Hernandok Justiziarako sarbideari eta diskriminaziorik ezari buruzko lan-jardunaldi batean parte hartu du, Bartzelonako Udalak antolatuta

Monika Hernandok, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak, “Acceso a la Justicia y No Discriminación: propuestas desde el mundo local” jardunaldian parte hartu du gaur. Bartzelonako Udalak antolatu du jardunaldia, diskriminazioaren eta gorroto-delituen biktimak erreparatzeko egungo mekanismoei buruz hausnartzeko.

Bere hitzaldian, Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako Saileko zuzendariak Eusko Jaurlaritzak justiziaren eta diskriminaziorik ezaren arloan duen ikuspegia helarazi dio ekitaldira bertaratu den publikoari.

Zehazki, Eraberean sareak arraza-, etnia- edo nazio-jatorriagatiko eta sexu-orientazioagatiko eta sexu- eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurka egiten duen lana zehaztu du. Lan horrek, saila bera ez ezik, hainbat gizarte-erakunde ere biltzen ditu, immigrazioaren, ijito-herriaren eta lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen kolektiboen arloan urteetan lanean dihardutenak.

“Sare horren xedea da tratu-berdintasunaren printzipioa eta diskriminaziorik eza sustatzea Euskadiko politika publikoetan eta gizarte zibilean, diskurtso eta praktika inklusiboak bultzatuz erakundeetan zein gizartean, eta eragileak eta baliabideak aktibatuz hori eraginkorra izan dadin”, Hernandok adierazi duenez.

Bartzelonako Udalak antolatu du ekitaldia, Konde Hiriko Diskriminazio Ezaren aldeko Bulegoaren 25. urteurrena ospatzeko, eta bertan izan dira Administrazio Publikoko hiru mailetako ordezkariak (udalekoak, autonomikoak eta estatukoak), eremu judizialetakoak eta polizialetakoak, baita diskriminazioaren biktimei laguntzeko erakundeetakoak ere.

Irakurri prentsa-oharra Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)