Menu
Bilatu
  • 2025/12/17
  • 17:00:10
justizia.eus

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gazte-justizia indartu du, prebentzioan, hezkuntzan eta erreparazioan oinarritutako eredu integral baten bidez

Argitalpen-data: 

Irekia

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak gazte-justizia indartu du, prebentzioan, hezkuntzan eta erreparazioan oinarritutako eredu integral baten bidez
  • Gazte Justiziaren VI. Planak (2025-2029) aurreko planaren lorpenak sendotuko ditu, eta gizarte osoa eta erakundeak barne hartzen dituen zeharkako ikuspegia ezartzen du

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Gazte Justiziaren V. Planaren (2020-2024) ebaluazioa. Plan horrek bete du ebazpen judizialen betearazpen eraginkorra ziurtatzeko helburua, neurriak adingabe bakoitzaren beharretara egokituta eta modu proportzionalean aplikatuta. Gainera, VI. Planaren ildo nagusiak aurreratu ditu, eta eredu "bermatzaile, errestauratibo, hezitzaile eta sakonki gizatiar" baten alde Jaurlaritzak egindako apustua nabarmendu du.

San Josek, berak hala eskatuta, agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen batzordean, Gazte Justiziaren V. Planaren ebaluazioaren berri emateko —Planaren bost urteak aztertzen dituen dokumentua da—, eta 2029ra arte luzatuko den VI. Planaren oinarriak aurkezteko. Sailburuarekin batera, Justiziako zuzendari Jose Maria Bastos egon da agerraldian.

Sailburuak bere hitzaldia V. Plana helburu argi batekin diseinatu zela gogoratuz hasi du, hots, “gazte justizia eraginkorra, prebentiboa eta hezitzailea bermatzea, sistema judizialarekin harremanetan jartzen den adingabe bakoitzaren errealitatera egokitua”. Helburu horrekin, ebaluatutako aldian, adingabeek egindako 11.751 arau-hauste erregistratu ziren guztira; horietatik 9.784 delituak izan ziren —nagusiki, ebasketak, lesioak eta etxeko eta genero indarkeria—, eta 1.967 delitu arinak. Hori dela eta, 3.611 neurri aplikatu ziren —zaintzapeko askatasuna, barneratzeak eta komunitatearen aldeko prestazioak nabarmenduz—; gainera, 2.738 kondena-epai eman ziren eta 222 absoluzio-epai. Sailburuaren ustez, datu horiek adierazten dute Planak “bere helburua bete duela, hau da, ebazpen judizialak eraginkortasunez betearaztea, neurriak proportzionalki eta adingabe bakoitzaren beharretara egokituta aplikatuz.

Adingabe arau-hausleen profilak erakusten du gehienak 16 eta 17 urteko gizonezkoak direla, lehenengo delitu-egitatean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako adingabeak direla nagusi, nahiz eta atzerritarren proportzioa % 28ra iritsi. Gehienek arau-hauste bakarra egiten dute eta zigor bakarra jasotzen dute, nahiz eta ehuneko esanguratsu batek hainbat esku-hartze eskatzen dituen; horrek agerian uzten du “erantzun egokituen eta malguen beharra”. Berrerortzea % 11koa izan da, aurreko planaren amaieran % 13koa zen bitartean. Hezkuntzaren esparruan, Gazte Justiziaren V. Planak eskola-uztea murrizten eta DBHn eta Lanbide Heziketan ikastea areagotzen lagundu du, birgizarteratzea errazten duten babes-faktoreak sendotuz.

Bitartekaritzaren garrantzia 

San Josek azpimarratu duen bezala, ebaluazioak justizia errestauratiboaren garrantzia ere erakusten du, 2.470 bitartekaritza egin baitziren aldi horretan, eta horietatik % 73k emaitza positiboa izan zuten. Bitartekaritza horiei esker, "adingabeak erantzule egin dira, biktimei egindako kaltea erreparatzen lagundu da eta berrerortzea murriztu da", kasu bakoitzak zituen faktore indibidualei eta familiarrei erreparatuta. “Erraza” ez izateaz gain, konpromisoa eta ahalegina eskatzen duen mekanismoa da, heziketa eta erantzukizun pertsonala indartuz.

V. Planaren lorpen nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: neurriak eraginkortasunez betearaztea, bitartekaritza errestauratiboak areagotzea, adingabeen eskolatzea eta lanbide-heziketa hobetzea, proportzionaltasun-irizpideetan eta hezkuntza-bikaintasunean oinarritutako banakako arreta, eta esku-hartze guztietan kalitatea eta koherentzia bermatzen dituen profesionalen etengabeko prestakuntza.

Aldi berean, erronka garrantzitsuak daude oraindik ere, hala nola substantzien kontsumo problematikoa, osasun mentaleko arazoak, aisiarako egituraturik eza eta adingabe batzuen familia-prekarietatea. Hori dela eta, prebentzioa, hezkuntza eta gizarte-laguntza uztartuko dituen ikuspegi integral bati eutsi behar zaio.

Bost urteko plan berria

Ebaluazio horretatik abiatuta, Justizia eta Giza Eskubideen titularrak Gazte Justiziaren VI. Planaren (2025-2029) ildo nagusiak aurkeztu ditu. Plan hori gazte-delinkuentzian sortzen ari diren erronkei aurrea hartzeko diseinatu da. Planak hainbat joerari erantzuten dio, hala nola neurriak hartzeko eskaera handitzea, neska arau-hausleen kopurua pixka bat handitzea, adingabe atzerritarren presentzia esanguratsua, ingurune irekiko esku-hartzea indartzeko beharra, kontziliazio- eta erreparazio-prozesuen arloan urratsak ematea eta berrerortzearen murrizketa sendotzea.

Erronka berriak ere jasotzen ditu, hala nola teknologien eragina delitu-jokabidean, osasun mentaleko arazoak, ahultasun soziofamiliarreko egoerak eta sexu-askatasunarekin lotutako delituzko jokabideak adin goiztiarretan.

VI. Plana lau ildo estrategikotan egituratuko da: prebentzioa, arreta berezia jarriz arrisku-faktoreak goiz hautemateari eta justizia errestauratiboa indartzeari; politika publikoen integrazioa, Justizia, Hezkuntza, Osasuna, Ongizatea, Etxebizitza, Segurtasuna eta hirugarren sektorea koordinatzea eskatzen duena; esku-hartzearen kalitatea eta ebidentzian oinarritutako programak, protokoloak berrikustea, askotariko profiletara egokitzea eta profesionalen prestakuntza espezializatua barne hartzen dituena; eta erantzukizun publikoa eta kudeaketa-eredua, neurriak betearaztea indartzen duena, datuen kudeaketa modernizatzen duena eta esku-hartze azkarragoa, eraginkorragoa eta gardenagoa ahalbidetzen duena.

Plan hau XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programan jasotzen da —batez ere bizikidetzari, memoriari eta giza eskubideei eskainitako ardatzean—, eta beste plan estrategiko batzuekin lotzen da, hala nola Justiziaren Plan Estrategikoarekin, V. Gazte Planarekin, Osasun Plana 2030ekin, Immigrazioko Euskal Estrategiarekin edo Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin. Horrek, gazte-justiziaren zeharkakotasuna eta gizarte osoak partekatzen duen erantzukizun-izaera erakusten ditu.

San Josek nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eredu hori bermatzailea, errestauratiboa, komunitarioa, espezializatua eta gizatiarra dela, gazteen gaitasunetan konfiantza duela, haien berrintegrazioa sustatzen duela eta esku-hartze bakoitza bizi-ibilbide bat aldatzeko aukera gisa ulertzen duela. "Adingabe batek egindako arau-hauste batek gehiago esaten du gizarteaz adingabeaz baino", gogorarazi du, eta "modu integralean eta ez bakarrik zigortzailean" jokatzen duen sistema baten ikuspegia indartu du.

Irakurri albistea Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)