Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialaren akordioa, Euskal Espetxe Administrazioan zerbitzuak ematen dituzten langileen ordutegi eta lan-baldintza espezifikoei buruzkoa. Akordioak 2.745.900 euroko aurrekontua du.
Akordio horren onarpenak, bost urteko indarraldia izango duena, Euskal Espetxe Eredua sendotzeko bidean aurrera pausoa dakar; izan ere, langileen lan-baldintzak hobetzen ditu, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzen du eta giza eskubideetan, duintasunean eta gizarteratzean oinarritutako espetxe-sistema indartzen du. Akordioak ekartzen du 800 langile baino gehiago kudeatzea eta hiru espetxeetan 1.700 preso inguru artatzea.
Akordioak onespena ematen dio Administrazioak eta ACAIP-UGT eta CCOO sindikatuek uztailaren 15ean sinatutako testuari. Testu horrek berretsi egiten zuen uztailaren 8ko Ordezko Mahaian lortutako aurreakordioa, lan-denboraren antolamenduari eta espetxeetako langileen hainbat lan-alderdiren erregulazioari buruzkoa.
Onartutako dokumentuak hiru euskal espetxeetan zerbitzua emateko funtsezko alderdiak arautzen ditu. Horien artean sartzen dira intzidentzietako txanden mende dauden zuzendaritza-arloko urteko lanaldia eta ordutegiak, bai eta zerbitzu, kudeaketa, tratamendu eta segurtasun eta bizikidetzako langileei dagozkienak ere. Beste gai batzuk ere jasotzen dira, tartean lanaldia luzatzea, jaiegunetako lana txandak dituzten langileentzat, oporrak eta baimenak.
Era berean, berariazko osagarriak ezartzen dira, besteak beste, erantzukizun eta dedikazio berezikoa, arrisku berezikoa barne-arlorako eta araubide itxiko modulu eta sail berezietarako, bai eta gaueko ordutegian lan egiteagatiko osagarria ere. Dokumentuak prestakuntza, laneko arriskuen prebentzioa, euskararen normalizazioa eta berdintasun eta diskriminaziorik ezaren planak ere zehazten ditu. Azkenik, espetxeetan kokatutako bizitokien erregimena arautzen da.






