Euskal Justiziak azken urteotan sendotu egin du hezkuntzarekiko eta gizartearekiko konpromisoa, bi ekimen nagusiren bidez: Educar en Justicia programa eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU/UPV) ezarritako lankidetza. Bi proiektuen helburua da sistema judiziala herritarrengana, bereziki ikasleengana, hurbiltzea, dibulgazioa, prestakuntza praktikoa eta hausnarketa akademikoa uztartuz.
Educar en Justicia programa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bultzatua eta Euskal Autonomia Erkidegoan Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEJAN) eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak garatua, 2024-2025 ikasturtean guztira 4.075 ikaslera iritsi da, 74 ikastetxetan (19 Araban, 39 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan). Hala jasotzen du EAEJANen 2024ko Memoria Judizialak (PDF, 6 MB) .
Ikasturte honetan, 28 epaile eta fiskalek hartu dute parte programan, eta beren esperientzia profesionala partekatu dute Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleekin. 2019-2020an egindako saio pilotuaren ostean, pandemiaren ondorioz eten egin zen ekimena, baina 2022-2023tik berriz martxan jarri zen, eta parte-hartzaile kopurua etengabe handitzen ari da.
Programak hiru saio aurreikusten ditu ikastetxe bakoitzeko, euskaraz eta gaztelaniaz gauzatzen direnak:
- Hasierako solasaldi bat ikasgelan, epaile batekin.
- Benetako epaiketa baten saioa.
- Prozesu judizial baten simulazioa, magistratura arloko profesional baten gidaritzapean.
Horren bidez, ikasleek jurisdikzio-ordenak (zibila, penala, administrazioarekiko auziena eta soziala) ezagutzeko aukera dute, eta, aldi berean, gaur egungo hainbat arazo lantzen dira, hala nola eskolako jazarpena, sare sozialen erabilera eta pribatutasuna, baita genero-indarkeria, drogen kontsumoa eta adingabeen erantzukizun penala ere.
Lankidetza akademikoa EHUkinekin
Dibulgazio-lan horri gehitu behar zaio EAEJANen eta EHUren arteko lankidetza, 2023ko martxoan formalizatua, Justizia unibertsitate-irakaskuntzan eta ikerketan txertatzeko asmoz.
Akordio horri esker, sistema judiziala Zuzenbideko eta Kriminologiako graduko Praktikum-aren aukera nagusietako bat bihurtu da, ikasleei organo judizial ezberdinetan prestakuntza praktikoa egiteko ibilbideak eskainiz.
2024-2025 ikasturte akademikoan guztira zazpi formakuntza-ibilbide garatu dira Bilbon, Balmasedan, Barakaldon, Getxon, Gasteizen, Amurrion, Donostian, Durangon eta Tolosan. Horietan, 24 ikaslek parte hartu dute, eta 53 epaile eta magistratuk hartu dute tutore-lana, ezagutza praktikoa transmititzeko eta ikasketa-prozesuan laguntzeko konpromisoa hartuz.
Bai Educar en Justicia programak, bai EHUkiko lankidetzak, argi erakusten dute Euskal Justiziaren borondatea: herritarrengana gerturatzea eta eskubide eta betebeharren errespetuan oinarritutako kultura sustatzea. Balio pedagogikoaz harago, ekimen hauek lagundu egiten dute instituzioetan konfiantza sendotzen eta bizikidetza demokratikoarekiko konpromiso handiagoa duen gazteria hezten.