- Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Justizia Errestauratiboaren I. Kongresuan azpimarratu du Sailak lantzen duen euskal ereduak duen bokazio eraldatzailea.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gaur nabarmendu duenez, Justizia Errestauratiboak “aitortza, elkarrizketa eta erreparaziorako espazioa” eskaintzen du, “prozesu penalak berez eskaini ezin duena”; hori dela eta, hain zuzen ere, haren funtsa da “biktimei eta gizarteari egindako kalteari ere erreparatzea”.
San Josék gaur inauguratu du Justizia Errestauratiboaren I. Kongresua, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailak antolatuta. Zuzenbidean eta karrera judizial eta fiskalean adituak diren profesionalak, justizia-zerbitzuetako teknikariak eta gai horretan adituak diren pertsonak bilduko dira Bilbon bi egunez, eta Sailak lan egiten duen lege-aurreproiektuaren ildo nagusiak ezagutaraziko dira bertan.
Sailburuak defendatu du justizia ez dela “delituaren zigorrarekin amaitzen”, eta haren betebeharra dela “biktimei eta gizarteari egindako kalteari erantzutea, arau-hauslearen ardura hartzea erraztea eta delituak hausten dituen gizarte-loturak berreraikitzea”. Hori da “Justizia Errestauratiboaren funtsa”, azpimarratu du, baita “lantzen ari garen Justizia Errestauratiboaren Euskal Ereduaren lege-aurreproiektua inspiratzen duen asmoa ere”.
San Josék azaldu du Justizia Errestauratiboak “sistema penalaren ikuspegi berri bat” dakarrela, eta tradizionalki erruduntasuna zehaztean eta zigorra ezartzean ardaztu dela. Haren ustez, “erantzun judizialari gizatasun balioa” gehitu behar zaio, eta “baketze sozialari ekarpena egin, zuzenbidearen iraunaldia berretsita, enpatiari eta pertsonen duintasunari uko egin gabe”.
Ildo horretan, gogorarazi du Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunari buruzko 1/2025 Lege berriak, Prozedura Kriminalaren Legean bederatzigarren xedapen gehigarria sartzen duenak, “indartu egiten duela Justizia Errestauratiboaren aldeko apustua”. Horregatik, Justizia Saila “ezin da alde batean kokatu, prestatzen, informazioa ematen eta hedatzen lagundu behar dugu. Kongresu hau posible egitea konpromiso horren adibidea da; Justizia Errestauratiboaren Euskal Estrategian islatzen du”.
Sailburuak adierazi duenez, Euskadik ibilbide sendoa du arlo horretan, “2007az geroztik bitartekaritza penaleko esperientziak garatzen ari gara familia barruko prozedura eta bitartekaritzako fase guztietan, eta 2018az geroztik modu egituratuan bultzatzen dugu Justizia Errestauratiboa, erabilitako teknikak eta metodologiak zabalduta”. Orain beste pauso bat ematen dugu, azpimarratu du, “eredu propio, sendo eta legez aitortua lortzeko bidean aurrera egiteko”.
Kongresuak bi egunez aztertuko ditu operadore juridiko bakoitzaren funtzioa, Justizia Errestauratiboaren aplikazio praktikoa prozeduraren fase guztietan —deklarazio-fasea, exekuzio-fasea, adingabeen justizia eta askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena—, bai eta gatazkak konpontzeko beste bitarteko egoki batzuekin duen harremana ere. San Josék nabarmendu duenez, analisi horren bidez, “Justizia Errestauratiboaren helburu eta xedeei buruzko informazio zehatzagoa eta hobea eskainiko zaie herritarrei”.
Azkenik, sailburuak justiziarekiko lankidetza-zerbitzuen —Biktimen Arretarako Zerbitzua, Zigorrak Kudeatzeko Zerbitzua eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua— funtsezko zeregina azpimarratu du, “helburu bera baitute: biktimak eta gizartea erreparatzea”.