Menu
Bilatu
  • 2025/09/25
  • 22:45:29
justizia.eus

Eusko Jaurlaritzak 40 beka deitu ditu karrera judizialerako, fiskalerako eta Justizia Administrazioko letraduen kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko (Gobernu Kontseilua 2025-09-09)

Argitalpen-data: 

Irekia

  • Beka horien bidez, oposiziogileak prestatzeko gastuak ordaintzen lagundu nahi da. Bekak urtean 6.600 eurokoak dira, eta hilean 550 euro emango dira

Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, dirulaguntzak emateko deialdia onetsi du gaur, karrera judizial eta fiskalerako oposizioak prestatu nahi dituztenentzat, bai eta Justizia Administrazioko letraduen kidegorako ere. 264.000 euroko zuzkidura du, eta 40 beka finantzatuko dira 2026an, prestakuntza-gastuei aurre egiteko eta talentua erakartzea sustatzeko.

Zuzenbidean lizentziatutako edo graduatutako pertsonei zuzendutako beka-deialdi berri bat da, karrera judizial eta fiskalerako bokazioa sustatzeko, bai eta Justizia Administrazioko letraduen kidegora sartzeko ere. Ekimen honen bidez, helburua da Justizia Administrazioak langile-baliabide egonkorrak izatea, eta, aldi berean, zerbitzu publikoaren eraginkortasun eta kalitate handiagoa lortzen laguntzea. Justizia Administrazioko plantillen egonkortasuna bultzatzea eta herritarrek kalitatezko zerbitzu publikoan duten konfiantza indartzea ere badu helburu.

Programaren zuzkidura 264.000 eurokoa da, eta urtean 6.600 euroko 40 beka emango ditu, 550 eurotan banatuta, 2026ko urtarriletik abendura, zentro espezializatu batean edo prestatzaile batekin prestatzeko gastuei aurre egiteko, eta, gainera, azterketekin lotutako material didaktikoa, joan-etorriak, ostatua edo mantenua ordaintzeko.

Eskatzaileen kopurua handitzeko asmoz, iazko berrikuntzei eutsiko die deialdiak: espediente akademikoan batez besteko nota gutxienez 6 izateko baldintza kendu da, baita titulua azken zazpi urteetan lortu izanaren muga ere; beka ordaindutako lanarekin eta ikastetxe espezializatu batean oposizioa prestatzearekin bateratu daiteke, eta laguntzen zuzkiduraren % 5 gordeko da % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonentzat.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta elektronikoki baino ezingo dira izapidetu. Gainera, ekimenari ikusgarritasun handiagoa emateko eta ahalik eta hautagai gehien lortzeko, deialdia Deustuko Unibertsitateko eta EHUko Zuzenbide Fakultateetako webguneetan ere argitaratuko da.

Irakurri albistea Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)