Menu
Bilatu
  • 2025/10/ 3
  • 22:05:58
justizia.eus

Justizia Sailak handitu egin du ofiziozko txandaren zuzkidura ekonomikoa, eta sei abokatu gehiago izango ditu Euskadin

Argitalpen-data: 

Irekia

  • Bizkaia 18tik 20ra pasatuko da, Gipuzkoa 15etik 18ra eta Araba 7tik 8ra

  • Ofiziozko txandan abokatuen laguntza-zerbitzua indartzeko aukera emango du neurriak, zerbitzuaren estaldura eta kalitatea hobetuta

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak onartu egin du Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko abokatuen elkargoetako abokatuek ematen dituzten guardiako txandako zerbitzuak —24 orduko prestasuna— ekonomikoki konpentsatzeko zenbatekoak handitzea. Neurri horri esker, udazkenetik aurrera beste sei legelari egongo dira, eta, hala, ofiziozko txandako zerbitzua indartuko da, zerbitzuaren estaldura eta kalitatea eta hura osatzen duten profesionalen lan-baldintzak hobetuta.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuaren agindu bidez, hiru lurraldeetako Abokatuen Elkargoetako letraduen eguneko 24 orduetan dauden guardiako txandako zerbitzuak ekonomikoki konpentsatzeko partida handitu da. Hala, Legelarien Euskal Kontseiluak egindako eskaeraren aurrean, erantzun egin du Jaurlaritzak; izan ere, azken urteetan laguntzen kopuruak gora egin du, eta gero eta eskaera handiagoari erantzuteko profesional gehiago behar dira.

Onartutako igoera, uztailaren 1ean indarrean sartu zena, 219.000 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko, eta horrek esan nahi du hiruhilekoan 1,01 milioi euro izatetik 1,23 milioi euro izatera pasatu dela. Data horretatik aurrera, hiruhileko zenbatekoak 603.559 € izango dira Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren kasuan, 425.294 € Gipuzkoakoaren kasuan eta 202.967 € Arabakoaren kasuan.

Erabaki horren bidez, guardiako txandan sei abokatu berri egongo dira: hiru Gipuzkoan (bat Donostian eta bi lurralde osoan), bi Bilbon eta bat gehiago Araban. Profesional horien bidez estaldura eraginkorragoa bermatuko da, batez ere, alderdi judizial horietan esku-hartze gehiago izango direlako. Orain arte, txanda horretan 18 pertsona zeuden Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 7 Araban.

Chema Bastos Justiziako zuzendariak hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du: “Igoera honekin urrats erabakigarria ematen dugu guardiako txanda indartzeko, herritarrei arreta egokia bermatzeko eta abokatuek justiziarentzako funtsezko zerbitzua garatzeko baldintzak hobetzeko”. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “gure konpromisoa justizia eraginkorrago baten alde lan egitea da, hurbilago dagoen justiziaren alde, eta gizartearen benetako beharrei erantzuteko justiziaren alde. Horregatik bultzatzen ditugu horrelako akordioak, aurrerapausoa baitira bai abokatuentzat, bai laguntzen dituzten herritarrentzat ere”.

Azken batean, helburua da “pertsona ahulenen arreta hobetzea, pertsona guztiek beren eskubideak defendatzeko aukera izan dezaten, eta inor ez dadin justiziara jo gabe geratu baliabide ekonomikorik ez izateagatik”, amaitu du.

Irakurri albistea Irekian. (leiho berri batean irekitzen da)