Gobernu Kontseiluak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, Euskadiko udalei dirulaguntzak emateko deialdia onetsi du gaur, 2025. urtean Udaletako Justizia Bulegoen (UJB) funtzionamendu-gastuak ordaintzeko. Aurrekontua 478.150 eurokoa da.
Udaletako Justizia Bulegoek —Bake Epaitegien ordez jarri dira—, justiziaren arloko herritarren arretarako funtzioak hartzen dituzte beren gain. Udalei dagokie zerbitzu horren gastuak gain hartzea, baina Eusko Jaurlaritzak, Justizia Zerbitzu Publikoaren Efizientziari buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoaren arabera, laguntzak emango ditu udalei organo judizial horietatik eratorritako gastu arruntak kudeatzen laguntzeko.
Laguntza horien bidez, hornidurak, garbiketa, bulegoko materiala edo langileak ordaintzeko lege-betebehar hori beteko da, eta ekitaldiaren amaieran ordainketa bakarrean ordainduko dira, udalek berek eskatu ondoren. Gainera, Eusko Jaurlaritza arduratuko da, 1/2025 Legearen arabera, haren funtzionamendurako beharrezkoak diren ekipo eta sistema informatikoak emateaz. Laguntzen zenbatekoa ezberdina izango da udalerriaren biztanleriaren arabera (800 eurotik 7.475 eurora), eta osagarri gehigarriak izango dituzte espetxeak edo epaitegietako idazkaritzak dituzten udalerriei.
Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitakoa da deialdia, Euskadiko justizia-zerbitzu publikoa hobetzeko 2025-2028 Justiziaren Plan Estrategikoaren helburuekin bat etorrita.
Dirulaguntza eskatu nahi duten udalek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dituzte izapideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/ Laguntza hauek bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta guztira diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 gainditzen ez b.