- Ia 4 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta bi fasetan garatzen ari da. Horren bidez, 700 kamera analogiko baino gehiago azken belaunaldiko teknologiaz ordeztuko dira.
- San José sailburuak nabarmendu du jarduketa horren ondorioz instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna hobetuko dela
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin judizialen zaintza-sistema modernizatzeko plan integral bat jarri du abian, instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna indartzeko. 4 milioi euro inguruko inbertsioarekin, dagoeneko eguneratu da telebista-zirkuitu itxia, eta datozen hilabeteetan bideozaintzako 700 kamera baino gehiago ordezkatuko dira.
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alfonso Gómez Justiziako sailburuordeak eta Saileko hainbat arduradunek Bilboko Albia Justizia Jauregian (EAEko Justizia Auzitegi Nagusia) dagoen kontrolgunea bisitatu dute gaur. Bi hamarkada baino gehiagoz martxan egon ondoren, aurreko bideozaintza-sistema analogikoa bizitza baliagarriaren amaierara iritsi zen, eta mantentze-lanak zaildu egin ziren ordezko piezarik ez zegoelako; hala, kontrol-gaitasunak mugatu ziren, irudiak analizatzeko eta kudeatzeko egungo teknologiarik ez zegoelako.
Egoera horren aurrean, Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritzak IP teknologian oinarritutako bideozaintza-sistema berri bat diseinatu du, eta bi fasetan ari dira instalatzen. Eraikin judizialen segurtasuna bermatzeko erabiltzen dira kamerak, eta aukera ematen dute sarrerak kontrolatzeko, gorabeherak detektatzeko eta kudeatzeko, ekintza bandalikoak edo delituzkoak prebenitzeko eta profesionalak zein erabiltzaileak babesteko. Gainera, kamera berriek analitika aurreratuak izango dituzte, gorabeherak errazago identifikatzeko eta larrialdiak arinago kudeatzeko.
Lehenengo fasea, eginda
1,18 milioiko aurrekontuaren bidez, lehen fasean, Bilboko Albia Justizia Jauregiko (EAEAN) kontrol-gunea modernizatu da, eta hiru lurralde historikoetako 18 eraikin judizialetako zerbitzari grabatzaileak berritu dira.
Egunean 24 orduz martxan dagoen kontrol-zentroak 72 m²-ko azalera du, eta hainbat operadorek aldi berean lan egiteko prestatuta dago. Lau lan-estazio jarri dira, CPU espezializatuak dituena, 27 hazbeteko zortzi monitore eta 98 hazbeteko lau pantailako bideo-wall bat. Aldaketa teknologikoa aurreko sistemaren eraginkortasuna bermatuta egin da, eta horrek konplexutasun tekniko berezia izan du.
Bigarren fasean, tramitatzen
Bigarren fasean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako justizia-jauregietan pixkanaka 700 kamera analogiko baino gehiago IP kamera berriekin ordezkatuko dira. Horiek erabat integratu beharko dira jada modernizatuta dagoen azpiegituran. Gaur egun, lizitazio-fasean dago, eta 2,8 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izango du. Ordezkapen-lanak 2026an egikaritzea aurreikusten da, jarduketaren bolumena eta konplexutasuna kontuan hartuta.
Euskadi, abangoardian
Telebista-zirkuitu itxietan IP teknologia erabiltzea autonomia-erkidego batzuetan eta besteetan hedatzen ari den joera da. Hala ere, Euskadiren proiektua irismen integralagatik da azpimarragarria; hiru lurralde historikoetako justizia-jauregi guztiak hartzen ditu, 700 kamera baino gehiago instalatu behar dira, eta aurrekontu-zuzkidura 4 milioi euro ingurukoa izango da. Hala, Euskadi abangoardian dago Espainiako bideozaintza judizialaren modernizazioari dagokionez.
Justiziako sailburuak esan duenez, “proiektu honekin urrats erabakigarria emango dugu eraikin judizialen modernizazio teknologikoan, segurtasuna indartuta eta zerbitzu eraginkorragoa eta egungo beharretara egokituagoa bermatuta”. Ildo horretan, San Josék gogora ekarri du justizia “herritarren zerbitzura dagoen funtsezko zerbitzu publikoa dela, eta helburu horri jarraiki diseinatu da modernizazio h”.