- Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak nabarmendu du, Gipuzkoako VI. Foro Juridikoan, justizia errestauratiboak sistema penalari gizatasuna, elkarrizketa eta erreparazioa gehitzen dizkiola
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, María Jesús San Josek, adierazi du “erreparatzea ez da ahaztea, baizik eta oreka berri bat eraikitzea, egian, errespetuan eta erantzukizun partekatuan oinarrituta”, eta, justizia errestauratiboaren alde egin du; izan ere, sistema penalari “gizatasuna, elkarrizketa eta erreparazioa” gehitzen dizkio.
San Josek Gipuzkoako VI. Foro Juridikoan parte hartu du, gaur arratsaldean, Donostian. Justizia errestauratiboari buruzko topaketa izan da, eta Diario Vascok antolatu du, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuaren (ICAGI), Prokuradoreen Elkargoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren lankidetzarekin.
“Justizia leheneratzailea. Nola konpondu kaltea, delitu bat egiten denean” izenpean, foroa Tabakalera zentro kulturalean izan da, eta 150 pertsona baino gehiago bertaratu da, horien artean zeuden, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen saileko lantaldeko kideak, ordezkari instituzionalak eta justizia, fiskaltza edo abokatutza arloko kideak, besteak beste.
Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du “justizia ez da agortzen delituaren zehapenean”, defendatu behar da baita ere erakundeen, zuzenbideko profesionalen eta gizartearen zeregina zuzendu behar dela “eragindako kalteari erantzutera, biktimei entzutera, araua hautsi duenaren erantzukizuna sustatzera eta delituak hausten dituen gizarte-loturak berreraikitzera”.
Biktimen emozioei eta beharrei erantzutea
Ildo horretan, aitortu du zigor-prozesua luzaroan eratu dela “erruduntasuna zehaztean eta zigorra aplikatzean” oinarritutako aurkakotasun agertoki gisa, eta, nahiz eta eginkizun horrek funtsezkoa izaten jarraitzen duen, “zigor-legeak babesten gaituzten bizikidetza balioak berresten dituelako, zigor-sistemak, berez, ez du beti lortzen delitu baten ondoren sortzen diren emozioei, galderei eta beharrei erantzutea”.
Sailburuak berretsi du agian biktimak epai bat baino zerbait gehiago behar duela. “Entzuna, ulertua eta aitortua dela sentitzea behar du, eta arau-hausleak, bere gain hartu nahi badu erantzukizuna, espazio bat behar du benekotasunez eta ondorio konpontzaileekin egin ahal izateko”. Justizia leheneratzaileak, hain zuzen, “espazio hori ematen du, elkarrizketarako esparrua, aitorpenerako eta erreparaziorako prozesu penala ordezkatzen ez duena, baizik eta osatzen eta humanizatzen duena”.
San josek gogorarazi du Euskadik baduela Justizia Errestauratiboaren Euskal Estrategia bat, hiru ardatzetan oinarrituta: operadore juridikoen formazioa, justizia errestauratiboko zerbitzua sendotzea biktimari laguntzeko eta zigorrak kudeatzeko zerbitzuekin koordinatuta, eta gizarteratzea”. “Kultura errestauratibo bat ez da bakarrik auzitegietan eraikitzen, baita gizarte zibilean, ikastetxeetan eta hedabideetan ere”, nabarmendu du.
Hitzaldian, Justizia eta Giza Eskubideetako titularrak azpimarratu du Euskadin 2007tik gauzatutako esperientziak, eta bereziki 2018tik, emaitza positiboak izan dituztela: “prozesu errestauratiboetan parte hartzen duten biktimek gogobetetze maila handiago adierazten dute, arau-hausleek berrerortze txikiagoa erakusten dute eta erkidegoek justizian konfiantza berreskuratzen dute”.
Azkenik, eta zuzentzen duen Saila gai honen inguruko lege baten aurreproiektuan lanean ari dela gogorarazi ondoren, dei egin du “gizatiarrago, parte-hartzaileago eta pertsonengan oinarritutako justizia baterantz” aurrera egiten jarraitzeko. “Ezagutzarik eta konpromisorik gabe ezin da eraldaketarik egon”, ondorioztatu du.






