Menu
Bilatu
  • 2024/04/28
  • 18:05:15
justizia.eus

Ba al zenekien Justizia Errestauratiboak epaiketara joatea saihets diezazukeela?

Argitalpen-data: 

Indarkeriaz egindako lapurreta bat jasan baduzu, edo zure senide bat arduragabekeria medikoak jota hil bada eta zu prozesuaren lekuko izan bazara, litekeena da epaitegira joan behar izatea biktima gisa deklaratzera. Izan ere, sistema judizialean bi biktima mota daude: alde batetik, zuzeneko biktima dago, hau da, delitu batek zuzenean eragindako kalte fisiko edo psikikoak, kalte emozionalak edo galera ekonomikoak jasan dituen pertsona fisiko oro. Eta zuzeneko biktimez gain, zeharkako biktimak ere badaude, alegia, heriotza edo desagertze kasuetan zuzenean eragiten zaien biktimen senideak, baldin eta horiek ez badira gertaeren erantzuleak.

Mota horretako egoerak kudeatzeko, Justizia Errestauratibo Zerbitzua dago. Zerbitzu horrek hainbat jarduera errestauratibo eskaintzen ditu, eta, horien bidez, delituaren parte diren  pertsonen arteko harremana errazten da, eragindako kaltea konpontzeko helburuz. Horrelako prozesuetan parte hartzea borondatezkoa da, eta emaitza alderdi guztientzat ona bada, baliteke epaiketara deklaratzera joan beharrik ez izatea.

Hala ere, epaileak izango du azken hitza, eta berak proposatuko die alderdiei praktika errestauratiboetara jotzeko aukera. Lehen urrats horren ondoren, Justizia Errestauratibo Zerbitzua alderdiekin harremanetan jarriko da, gaiari buruzko informazioa jasotzeko eta haien baimen informatua eskatzeko, eta, horrela, prozesu errestauratiboari ekiteko.

Justizia Errestauratiboko Euskal Zerbitzuaren memoriaren datuak

Euskadiko Justizia Errestauratibo Zerbitzuaren (JEZ) 2022ko memorian jasotako datuen arabera, JEZak 1.600 auzi baino gehiagotan jardun du. Zehazki, 1.331 Zigor Arloko Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuan (127 gutxiago 2021ean baino) eta 375 Familia arloko Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuan (96 gutxiago 2021ean baino).

Alde batetik, Zigor Arloko Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuari dagokionez, 1.176 kasu itxi dira guztira. Guztien horien artean, zerbitzuak prozesu errestauratiboen bidez lan egin zuen 631 kasutan, eta horietatik 462 (% 74,16) bitartekaritza-prozesu baten bidez konpondu ziren. Gainera, nabarmendu behar da prozesu errestauratiboen bidez artatutako espedienteen %74 (470) akordio batekin itxi zirela.

Informazioa probintzien arabera xehatuta, Bizkaia da, 510ekin, 2022an espediente gehien bideratu dituen Euskadiko lurraldea (% 43), ondoren Gipuzkoa dator bigarren postuan 439rekin (% 37) eta Araba hirugarren postuan 226rekin (% 20).

Bestalde, Familia arloko Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak 337 kasu itxi ditu 2022an artatutako 375 kasuetatik. Itxitako espediente horien erdia baino gutxiago, zehazki % 45 (153), bitartekaritzaren bidez amaitutzat eman dira, eta nabarmentzekoa da kasu horien % 52an ez dela akordiorik lortu.

Lurraldeka, Bizkaia da, 157rekin, Familia arloko Justizia Errestauratiboaren Zerbitzura espediente gehien bideratu dituen Euskadiko probintzia (% 49), Gipuzkoa bigarrena 84 espedienterekin (% 26) eta Araba hirugarrena 81 espedienterekin (% 25).