Menu
Bilatu
  • 2022/08/ 7
  • 17:55:28
justizia.eus

Aukerak eta "la Caixa" Fundazioak bat egin dute askatasunik ez duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko

Argitalpen-data: 

Aukerak eta "la Caixa" Fundazioak bat egin dute askatasunik ez duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko

Uztailaren 18an, jaio zen egunean, Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, Hego Afrikako presidente ohiak bakearen eta askatasunaren kulturari egindako ekarpena aitortzeko. Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 2015. urtean, jardunaldi horren irismena zabaltzea erabaki zuen, kartzelaratze-baldintza duinak aldarrikatzeko, gizarteko parte diren presoak aintzat hartzeari buruz sentsibilizatzeko eta espetxeetako langileen lana balioesteko.

Mandelaren sentimenduarekin bat etorriz, “hezkuntza garapen pertsonalaren eragile nagusia da” eta “mundua aldatzeko armarik boteretsuena”, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu eta Aukeretako lehendakari (Gizarteratzeko Euskal Agentzia) Beatriz Artolazabalek, eta “la Caixa” Fundazioko zuzendariorde nagusiak, Marc Simón, lankidetza-hitzarmena sinatu dute askatasunik ez duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ReIncorpora programa garatzeko.

Hitzarmena 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta, horren arabera, “la Caixa” Fundazioak urtean 180.000 euro erabiliko ditu gizarteratzeko eta laneratzeko proiekturako.

Bi aldeek beren ikuspegian eta helburuetan “lerrokatuta” daudela adierazi dute. Alde horretatik, sinatutako hitzarmenaren helburua da Euskadiko espetxeetan dauden pertsonentzako banakako ibilbideak sustatzea, gizarteratzeko eta laneratzeko.

Lan-prestakuntzaren bidez birgizarteratzea da euskal espetxe-ereduaren funtsezko zutabeetako bat. Beatriz Artolazabalek behin eta berriz azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak neurri ez hertsatzaileen alde egiten du, eta delitua egin duen pertsona berreskuratzera bideratzen ditu neurri horiek: “Uste dugu eragindako kaltea konpontzeak izan behar duela zigorrei aurre egiteko eredu baten ardatza; eredu horrek biktima gure jarduera guztien erdigunean jartzen du, eta komunitatean birgizarteratzen saiatzen da. Euskal espetxe-sistemak birgizarteratzean eta bigarren aukeretan jartzen du arreta; eta uste dugu helburu hori lor daitekeela prestakuntza areagotuz, presoen trebetasunak eta ezagutza aztertuz eta haien onurarako bihurtuz”.

Sailburuak adierazi duenez, gizarteratzeko eta laneratzeko bitartekoak gehitzeak “segurtasun handiagoa ekarriko dio gure gizarteari, eta errepikapen txikiagoa ekarriko du”.

Ildo horretatik, “La Caixa” Fundazioko zuzendariorde nagusiak, Marc Simónek, nabarmendu du Reincorpora programaren 12 urteko ibilbidea: “Denbora horretan, programan parte hartu duten askatasunik gabeko pertsonek etorkizun desberdina lortu dute akonpainamenduari esker, funtsezko faktorea baita pertsonarengan aldaketa-prozesua errazteko eta lan-plana pertsona bakoitzaren egoeraren eta beharren arabera zehazteko, beren bizitzak normalizatu ahal izateko. Euskal espetxe-sistemak birgizarteratzean eta bigarren aukeretan jartzen du arreta; eta uste dugu helburu hori lor daitekeela prestakuntza areagotuz, presoen trebetasunak eta ezagutza aztertuz eta haien onurarako bihurtuz”.

Sinatutako hitzarmenaren arabera, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide bakoitzak, gutxienez sei hilabeteko iraupenarekin, honako hauek barne hartuko ditu: hautapen-prozesua; lanaren aurreko jarrera; enpresako prestakuntza eta lanekoak ez diren praktikak; elkartasun-proiektuen bidezko komunitatearentzako zerbitzuak; enpleguaren bilaketa aktiboa eta Incorpora programaren bidezko laneratzea.

Aukerak programaren koordinaziopean, lankidetza-esparruak, halaber, gizarteratzean eta lan-munduan adituak diren eta "la Caixa"ren Incorpora programak Euskadin (gaur egun Sartu Arabaran) duen lurralde-taldeari lotutako gizarte-erakundeen parte-hartzea eta laguntza teknikoa aurreikusten ditu, eta horien gizarte-programekin zeharkakotasun-ekimenak ezarriko dira. Horretarako, bi aldeek beren gain hartu, garatu eta gauzatuko dituzte proiektuaren koordinazio eta kudeaketa jarduketak, bulego tekniko baten bidez. Aldi berean, batzorde mistoa eratuko da, lankidetza hitzarmenean jasotako lan guztiak gainbegiratu, koordinatu eta onesteko.

Programan parte hartzen duten pertsonen arreta integrala sustatzeaz gain, ekimen-multzo honen helburua da prozesuan parte hartzen duten gizarte-talde eta -erakundeei ezagutza, esperientzia eta baliabideak partekatzea.

Programa honen onuradun izango dira presoak, legezkoak eta dokumentalak diren ehun bat pertsona, lan kontratua egin ahal izateko. Gainera, hitzarmenak zehazten du lankidetza-hitzarmen honen esparruan egiten diren jarduerek genero-ikuspegia izango dutela, askatasun-gabetze zigorra betetzen duten emakumeen eta gizonen prestakuntza- eta laneratze-prozesuei laguntzeko.

Helburu partekatuak

Aukerak 2022ko urtarrilaren 1ean hasi zen lanean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako presoen lan produktiboa sustatu, antolatu eta kudeatzea du helburu, bai eta kolektibo horren enplegurako prestakuntza ere, gizartean eta lan-munduan sartzea errazteko.

Espiritu hori erakundearen identifikazio-logotipoan jasotzen da; tximeleta horrek, Beatriz Artolazabalen hitzetan, “metamorfosia eta aldaketa” irudikatzen ditu, eta tximeleta-efektua ere aipatzen du, “keinu soil bat eraldaketaren hasiera bihur daitekeelako”.

“La Caixa” Fundazioaren helburuetako bat pertsonen eta gizartearen aurrerapenean laguntzea da, arreta berezia jarriz talde ahulenei, hala nola adimen-urritasuna edo -nahastea duten pertsonei edo gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonei, besteak beste, askatasunik ez duten pertsonei.

Incorpora programaren bidez, enpresetan erantzukizun sozial korporatiboa sustatzen du, eta pertsona horientzat enpresa arruntean okupatzeko aukera gehiago sortzen ditu.

Irakurri prentsa-oharra Irekian: Aukerak eta “la Caixa” Fundazioak bat egin dute askatasunik ez duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko (leiho berri batean irekitzen da)