Batzuetan, ezinezkoa da bi ezkontideak aldi berean Erregistro Zibilera joatea beren ezkontza izapidetzeko, batez ere, espainiarren eta atzerritarren artekoetan. Hala ere, legeriak eragozpen hori gainditzeko modua jasotzen du: ahalordeen bidezko ezkontza.
Horretarako, at dagoen ezkongaiak bere nortasuna argi zehazteko inguruabar pertsonal nahiko dituen ahalordea eman behar du. Hori bai, nahi izatekotan ahalordea iraungitzeko hainbat modu daude: emaileak ezkontza baino lehen errebokatzea, ahalordedunak uko egitea edo horietako edozein hiltzea. Emailearen ordez ezkontza-espedientea eskatzeko, jakinarazpenak jasotzeko eta ezkontza adosteko baimena ematen duen legeztatutako notario-ahalordeaz gain, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
- Atzerriko ezkongaiaren lege pertsonalaren araberako egoera zibilaren ziurtagiria. Bere herrialdeko kontsularen ezkontzeko gaitasunaren ziurtagiria aurkeztea nahikoa da.
- At dagoenaren herrialdeko legeen arabera ediktuak argitaratzea beharrezkoa den edo ez dioen ziurtagiria.
- Atzerrian dagoen pertsonaren bizilekutik gertuen dagoen kontsuletxe edo enbaxadaren helbidea.
Hori bai, ezinbestekoa da atzerriko agiri guztiak (eleanitzak izan ezik) interprete ofizial batek gaztelaniara itzultzea eta Hagako Oharrarekin legeztatuta egotea.
Ondoren, Espainian dagoen ezkongaiak eta bestearen ordezkariak ezkontza-espedientea has dezakete eta, jarraian, Erregistro Zibilak bidaliko du bikotekidearen bizilekutik hurbilen dagoen kontsuletxera, bigarren ezkongaia hor ager dadin. Azkenik, kontsuletxetik berriro igorriko dute espedientea Espainiara ezkontza zibila egitearren.
Ezkontza-espedientea Erregistro Zibilean izapidetzeko, bi ezkontideen azken bi urteetako errolda ere aurkeztu behar da.
Informazio gehiago nahi izatekotan, jo ezazu JustiziaEus webguneko Ezkontza zibilia atalera.