Menu
Bilatu
  • 2024/12/22
  • 02:57:18
justizia.eus

Ba al zenekien denborak aurrera egin ahala zure aurrekari penalak ezerezteko eskubidea duzula?

Argitalpen-data: 

Zigor Kodearen 136.1.artikuluaren (leiho berri batean irekitzen da) arabera, epai irmoz kondenatu direnak eskubidea dute Justizia Ministerioak Zigortuen Erregistro Zentralean jasota dituzten aurrekariak ezerezzeko, zigor-erantzukizuna azkendu ostean.

Esanak esan, eskaera egin aurretik nahitaezkoa da gutxieneko denbora tartea igarotzea deliturik egin gabe, berriek zenbaketa eteten baitute. Hona hemen epeak:

· 6 hilabete, zigor arinen kasuan.

· 2 urte, hamabi hilabete baino luzeagoak ez diren zigorren kasuan eta zuhurtziagabekeriazko delituengatik ezarritako zigorren kasuan.

· 3 urte, hiru urte baino laburragoak diren astuntasun txikiagoko zigorren kasuan.

· 5 urte, hiru urte edo luzeagoak diren astuntasun txikiagoko gainerako zigorren kasuan

· 10 urte, zigor astunen kasuan.

Zigor Kodeko 33.2 artikuluan (leiho berri batean irekitzen da) dago zigor arinen, astuntasun txikikoen eta astunen zerrenda.

Bestalde, segurtasun neurriak betetzen direnean edo preskribatzean ezerezten dira.

Prozedura motak eta non has ditzakezu

Aurrekari penalen ezereztea aurrez aurre, postaz edo telematikoki eska dezakezu.

Eskaera aurrez aurre egiteko, hona jo behar duzu:

Halaber, atzerrian bizi diren espainiarrek Espainiako bulego diplomatiko eta kontsularren bidez eska dezakete ezereztea.

Bestalde, eskaera postaz egin nahi baduzu, helbide honetara bidali behar duzu: Zigortuen Erregistro Zentrala (Ezeztapenak), Madrileko (Posta kodea: 28.015) San Bernardo kaleko 21 zenbakiko beheko solairua.

Azkenik, ezereztea eskaera telematikoa Zigor-aurrekariak ezerezteko Justizia Ministerioaren zerbitzuren (leiho berri batean irekitzen da) bidez egiten da. Horretarako, nahitaezkoa da identifikazio elektronikorako bitartekoa izatea (NANe, Cl@ve Pin edo Cl@ve iraunkorra).

Aurkeztu beharreko dokumentuak

Ezeztapena telematikoki eginez gero, izapideari dagokion inprimakia bete behar duzu.

Aurrez aurre eskatzeko, ordea, Justizia Ministerioaren webgunean (leiho berri batean irekitzen da) deskarga daitekeen aurrekari penalak ezeztatzeko eskaera-eredua behar bezala bete. Eskaera-eredua ezin baduzu deskargatu idazki bat aurkeztu dezakezu, hurrengo datuekin: izen-abizenak, datu pertsonalak, herria, probintzia eta jaiotza-data, nortasun agiria eta bizilekua, eta jakinarazpenak bidaltzeko eskuko telefono zenbakia edo posta elektroniko helbidea. Ebazpena arintzeko gomendagarria da eskaerari atxikitzea epaitegi edo auzitegi eskudunak igorritako zigorra betetzeari buruzko ziurtagiria.

Interesduna zu bazara, ezinbestekoa da zure nortasuna egiazta dezazun. Horretarako, indarrean dagoen NAN edo horren kopia erkatua aurkeztu behar duzu; Europar Batasuneko atzerritarra bazara, hango txartela edo pasaportea (jatorrizkoa edo kopia erkatua); eta Europatik kanpoko atzerritarra izanez gero, bizileku-txartela (AIZ) edo pasaportea, aurreko kasuetan bezala, indarrean eta jatorrizkoa edo kopia erkatua.

Era berean, ordezkari batek eskaera aurrez aurre egiten badu zure izenean, pertsona horrek bai bere nortasuna baita zurea ere egiaztatu behar ditu, zuzenbidean onartzen den edozein modutan, eta ordezkaritza frogatzen duen agiria aurkeztu behar du.

Amaitzeko, eskaera postaz egiteko arestian aipatutako eskakizuna eta aurkeztu beharreko dokumentuen kopia erkatua bidali.

Erantzuna

Izapidetzeko epea hiru hilabetekoa da. Horren barruan, eskaera egitean adierazi zenuen posta helbidera heldu beharko litzaizuke jakinarazpena.

Alabaina, hiru hilabete igarotzen badira esanbidezko ebazpenik gabe, ezereztea ontzat jotzen da. Hori bai, ebazpenerako epea eten egingo da zigor-arloko erantzukizunaren amaiera-data organo judizialari eskatu behar diotenean, ezinbestekoa baita ezereztatzearen hasiera-data zehazteko.

Informazio gehiago

Informazio gehiago nahi izatekotan, jo ezazu JustiziaEus webguneko Zigor-aurrekariak ezereztea atalera.