Menu
Bilatu
  • 2026/03/13
  • 20:24:32
justizia.eus

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 20,7 milioi euro jarriko ditu 2026an doako laguntza juridikorako

Argitalpen-data: 

Gobernu Kontseilua irudi apaingarria
  • Justiziarako irisgarritasun osoa lortu nahi da, inork ez diezaion arazo ekonomikoengatik uko egin bere eskubideak defendatzeari.
  • Zenbatekoa 2,7 milioi handitu da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 20,7 milioi euro jarriko ditu aurten doako laguntza juridikoaren zerbitzu publikoa egiteko, eta zenbateko hori zuzenduko zaie zerbitzu hori kontratatzeko baliabiderik ez dutenei. Horrela, justiziarako irisgarritasun osoa lortu nahi da, inork ez diezaion arazo ekonomikoengatik uko egin bere eskubideak defendatzeari.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, gobernu-kontseiluak 20,7 milioi euroko gastua baimendu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargo Profesionaletako abokatuek 2026an egingo duten doako laguntza juridikoaren zerbitzua finantzatzeko. 

Doako justizia eskubide konstituzionala da, eta eskubide hori baliatu ahal izango dute, nagusiki, abokatu profesional baten zerbitzu partikularrak kontratatzeko behar besteko baliabide ekonomikorik ez duten inputatuek, atxilotuek edo presoek. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean (urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea) eta Doako Laguntza Juridikoari buruzko Dekretuan (urriaren 30eko 153/2018 Dekretua) ere jasota dago eskubide hori.

Zehazki, abokatutzaren elkargoek 17,6 milioi euro jasoko dituzte ofiziozko eta guardiako txanda finantzatzeko, eta beste 1,8 milioi euro gehiago funtzionamendu-gastuak ordaintzeko. Ekitaldi honetan, partida horiei gehitu zaie 2025ean gatazkak konpontzeko bitarteko egokietarako jarritako zenbatekoa. Izan ere, Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientziaren arloko neurriei buruzko 1/2025 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik, 2025eko bigarren hiruhilekoan amaitu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek gatazkak konpontzeko bitarteko egokietarako jasotzen zuten dirulaguntza, proiektu pilotu izateari uzten baitzion. Dirulaguntza horretan egikaritu ez zen zenbatekoa, 360.000 euro inguru, ez zen galdu, ofiziozko eta guardiako txandako partidara eta funtzionamendu-gastuen partidara transferitu zen, zenbateko hauekin:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen Elkargoei, ofiziozko eta guardiako txandarako: 107.000 €
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Abokatuen Elkargoei, funtzionamendu-gastuetarako: 253.000 €

Helburua zen gatazkak konpontzeko bitarteko egokien arloan egindako jarduketei jarraipena ematea, baina egoera berriarekin bat datozen beste aurrekontu-partida batzuetatik. Zenbateko horiek 2026ko aurrekontuko partida horietan mantendu dira.

Prokuradoreen elkargoek, bestalde, milioi bat euro jasoko dute ofiziozko txandarako, eta 250.000 euro funtzionamendu-gastuetarako. Hartara, aurrekontua 2,7 milioi eurotan handitu da 2025. urtearekin alderatuta, zerbitzu hori finantzatzera begira.

 Arrazoi ekonomikoengatik uko ez egitea

Justiziaren zerbitzu publikoaren eskuragarritasuna eta erabateko irisgarritasuna bermatzea da Maria Jesús San José sailburuak zuzentzen duen Sailaren lehentasunetako bat, inork edozein arrazoirengatik —kasu honetan arrazoi ekonomikoengatik— bere eskubideak defendatzeari uko egin ez diezaion. Era berean, jarduketa horren bidez, egungo legealdiko Gobernu Programan jasotako helburua bete nahi da: doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena arintzea eta abokatuek, prokuradoreek eta lan-harremanetako graduatuek egiten duten lana duintzea.