Menu
Bilatu
  • 2024/11/ 5
  • 14:06:08
justizia.eus

Salaketa jartzeko legezko betebeharra daukat delitu bat egiten ikusi badut?

Oro har, salaketa jartzeko betebeharra dauka delitu publiko baten lekuko den pertsona orok. Betebeharra ere ezartzen zaie bere karguagatik delitu publiko baten berri dutenei eta poliziako kideei.

Delitu publikoak dira agintariek ofizioz iker ditzaketenak, kaltetuaren edo haren legezko ordezkariaren denuntzia beharrezkoa izan gabe. Adibidez, hilketa, lesio oso larriak, dokumentuak faltsutzea, lapurreta, iruzurra..

Hala ere, pertsona batzuek ez dute salaketa jartzeko betebeharrik:

  • 14 urtetik beherakoak.
  • Egilearen aurreko eta ondorengo ahaideak eta bigarren mailarainoko odol-ahaidetasunezko alboko senideak.
  • Delitugilearen ezkontidea edo antzeko afektibotasun-harremanez lotutako pertsona.
  • Abokatuak eta prokuradoreak bezeroek emandako jarraibideei dagokienez.
  • Elizgizonak eta kultu disidenteen ministroak, bere ministerioaren eginkizunak betetzean ezagutu duten albisteei dagokienez.

Ezkontide eta gainerako senideen kasuan, salatzeko betebeharra izango dute biktima adingabea edo babes berezia behar duen desgaitua bada eta honako delituetako bat bada:

  • Hilketa,
  • Lesio larriak,
  • Ohiko tratu txarrak,
  • Askatasunaren kontrakoak,
  • Askatasun sexualaren kontrakoak,
  • Gizakien salerosketa.