Menu
Bilatu
  • 2024/07/24
  • 10:09:01
justizia.eus

Ba al zenekien zertan datza nazionalitate-zina?

Argitalpen-data: 

Espainiako nazionalitatea lortzeko azken urratsa da nazionalitate-zina. Ez da inolako azterketa edo frogarik; izapide honen bidez, eskatzaileak Espainiako legeak onartu eta aurreko nazionalitateari uko egiten dio, baldin eta Espainiakoarekin bateraezina bada (herrialde iberoamerikarretako, Andorrako, Filipinetako, Ekuatore Gineako, Frantziako edo Portugaleko nazionalitatea dutenek ez dute zertan uko egin aurreko nazionalitateari Espainiakoa eskuratu dutenean, bi nazionalitateak mantendu baititzakete).

Non egiten da zina?

Nazionalitatea emateko ebazpenean agertzen den helbideari dagokion Erregistro Zibilean egiten da zina. Izapide hau ezin da udalerriko Bake Epaitegian egin, dagokizun Erregistro Zibilera jo behar duzu. Adibidez, Etxebarrin bizi bazara, dagokizun Erregistro Zibila Bilbokoa izango da. Euskadiko udalerrien zerrenda eta dagokien erregistro zibila kontsulta ditzakezu JustiziaEus webgunean.

Zer dokumentazio aurkeztu behar dut?

Nazionalitatea emateko ebazpenaren atzeko aldean adierazten da zer dokumentazio aurkeztu beharko duzun zin egin ahal izateko dagokion Erregistro Zibilera joaten zarenean.

Edonola ere, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzu: jaso duzun ebazpena, egungo erroldatze-txartela, AIZa eta, nazionalitate-eskaera telematikoki egin baduzu, jaiotza-ziurtagiriaren eta ziurtagiri penalaren originalak ere aurkeztu beharko dituzu (eskaera egitean aurkezten dituzunak).

Nola eska dezaket aurretiko hitzordua?

Gogoratu aurretiko hitzordua eskatu beharko duzula Euskadiko Erregistro Zibil batean zin egiteko. Hitzordua eskatzeko, JustiziaEus-eko Aurretiazko zita Zerbitzura jo behar duzu (hitzordu mota: nazionalitate-espedienteak).

Zure Erregistro Zibilarekin izango duzun lehen hitzordua dokumentazioa entregatzeko izango da. Dokumentu guztiak zuzen daudela egiaztatu ondoren, data emango dizute zin egiteko, eta inprimaki bat ere bai, egun horretan behar bezala beteta eraman beharko duzuna.

Zalantzarik?

Nazionalitate-zinari buruzko zalantzarik baduzu, zuzenean jar zaitezke harremanetan, telefonoz edo posta elektronikoz, dagokizun Erregistro Zibileko langileekin. JustiziaEus-en dituzu Euskadiko erregistro zibil guztien harremanetarako datuak