- Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak adierazi duenez, Justizia eskuragarri izatea “ezin da izan, besterik gabe, paperean aitortutako printzipio bat”, eta desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen beharrak kontuan hartuko dituen arreta aldarrikatu du
Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék gaur adierazi duenez, aurrera egin beharra dago herritarren beharrei erantzuteko gai izango den eta arreta espezifikoa behar dutenei oztoporik ezarriko ez dien Justizia eskuragarriago bat lortzeko bidean. “Pertsonak sistemara egokitzeko eskatuko ez duen Justizia baterantz jo behar dugu, eta sistemak berak erantzun beharko die pertsonen beharrei”, adierazi du.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eta El Diario Vasco egunkariak urtero antolatzen duten Foro Juridikoan egin ditu adierazpen horiek San Josék. Foroa Donostiako Aquariumean egin da, ‘Justizia humanizatzea’ izenburupean, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoarekin lankidetzan. Jardunaldiak 120 pertsona baino gehiago bildu ditu, eta, haien artean, abokatuak, fiskalak, epaileak, erakunde-esparruko kideak eta publiko orokorra izan dira.
Sailburuak azpimarratu duenez, justiziaz hitz egitea legeez, prozedurez, epaitegiez, eskubideez eta betebeharrez hitz egitea da, baina, “ororen gainetik”, arazo bat dutelako, babesa behar dutelako, eskubide bat baliatu nahi dutelako edo entzunak izan behar dutelako justiziara jotzen duten “pertsonez ari gara”. Hori dela eta, Justizia haientzat guztientzat benetan ulergarria eta eskuragarria den galdetzeko beharra planteatu du, ikuspuntu juridiko edo administratibotik ez ezik, sistemarekin harremanetan jartzen direnek aurre egin beharreko eguneroko egoeren ikuspuntutik ere bai.
San Josék adimen-desgaitasuna duen pertsona batek termino juridikoez betetako azalpen bat ulertzeko izan ditzakeen zailtasunak, entzumen-desgaitasuna duen pertsona batek dituen komunikazio-oztopoak edo adineko pertsona batek eraikin judizial batean zehar mugitzeko, espazioen artean orientatzeko edo une bakoitzean zer egin behar duen jakiteko izan ditzakeen arazoak aipatu ditu adibide modura. Adierazi duenez, oztopo horiei herritar askorentzat deigarriak ez diren beste elementu batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola zaratak, argiak, itxaronaldiak, seinaleak, hizkuntza edo elkarrizketa baten erritmoa.
“Guretzat xehetasun bat izan daitekeena, beste pertsona batentzat oztopoa izan daiteke”, adierazi du sailburuak, eta esan du eskuragarritasuna ez datzala, besterik gabe, oztopo fisikoak kentzean; horrez gain, pertsona batek zer gertatzen ari den ulertu ahal izango duela, gauzak adierazi ahal izango dituela, entzun egingo diotela eta prozesu osoan seguru sentitu ahal izango dela bermatu behar da.
Pertsona erdigunean jartzea
San Josék adierazi duenez, Justizia humanizatzeak ez du esan nahi Justiziaren zorroztasuna eta berme juridikoak murriztea. Azaldu duenez, “pertsona erdigunean jartzea” esan nahi du. Ikuspegi horri pertsona bat epaitegi batean sartzen denetik edo zitazio bat jasotzen duenetik profesional batekin hitz egiten duen, deklaratzen duen edo prozedura bati buruzko informazioa eskatzen duen arte jarraitu behar zaio. Ohartarazi duenez, une horietako bakoitzak Justiziarako sarbidea erraztu dezake edota zailtasun gehigarri bat izan daiteke. Horregatik, pertsonen beharrei erantzuteko eta pertsona guztiek berdintasun-baldintzetan ulertu eta parte hartu ahal izango dutela eta entzunak izango direla bermatzeko gaitasuna izango duen sistema baten alde egin du.
Sailburuak azpimarratu du, gainera, ikuspegi horrek ez duela desagertu behar prozedura judizial bat amaitzen denean. Epaitzeko eta epaitutakoa betearazteko funtzioa betetzeko, beharrezkoa da, halaber, ebazpenak gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta materialak izatea.
San Josék espetxe-esparrura eraman du gogoeta hori bera. Espetxean sartzeak bizitza goitik behera aldatzea dakar edonorentzat, eta horrek kanpoarekiko loturak ahultzea eragin dezake. Hori dela eta, sailburuak adierazi du espetxe-sistemaren barruan ere beharrezkoa dela pertsonek beren egoera ulertzeko, beren eskubideak baliatzeko, behar duten arreta jasotzeko eta, ahal den neurrian, gizartearekiko loturei eusteko aukera izango dutela bermatzea.
“Justizia humanizatzeak zigorren betearazpena humanizatzea ere esan nahi du”, adierazi du sailburuak, eta pertsona batek justizia-sisteman egiten duen ibilbidearen inguruko begirada integral baten alde egin du, “lehen kontaktutik askatasuna erabat berreskuratzen duen arte”. Helburu horretan aurrera egiteko, beharrezkotzat hartu du entzutea, prestakuntza, profesional prestatuak, prozeduren berrikuspena eta espazioen hobekuntza uztartzea, funtsezko jarrera bat agertzearekin batera: “aurrean dugunaren lekuan jartzea”.
Justizia erabiltzen dutenei entzutea
Aurtengo foroak aukera eman du, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen testigantzak entzuteko. Pertsona horiek beren esperientzien eta justizia-sistema publikoarekin izan duten harremanean aurkitutako oztopoen berri eman dute. Sailburuak testigantza horien balioa nabarmendu du, zenbait kontzeptu (hala nola eskuragarritasuna, inklusioa edo herritarrentzako arreta) egoera zehatz eta esperientzia erreal bihurtzea ahalbidetzen baitute. “Benetan eskuragarria den Justizia bat ezin da bulegoetan soilik eraiki. Justizia erabiltzen dutenei entzutearen bidez ere eraiki behar da”, adierazi du.
Ildo horretan, San Josék azpimarratu duenez, Justizia eskuragarri izateko eskubidea “ezin da izan, besterik gabe, paperean aitortutako printzipio bat. Benetan baliatzeko aukera egon behar du”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du justizia-sistemaren parte diren eragile guztiak lankidetzan aritzea: erakundeak, epaileak, abokatuak, fiskalak, funtzionarioen kidegoak, justizia-zerbitzuetako profesionalak, espetxe-administrazioa eta, bereziki, erabiltzaileak berak.
“Justizia humanizatzea pertsona batek Justiziara jo behar duenean ulertuko dion, entzungo dion eta bidea erraztuko dion sistema bat aurki dezan lortzea da”, amaitu du San Josék.





